Gure aldetara. Nafarroako emakume bertsolariak. Halaxe du izena Nafarroako emakume bertsolarien ahotsak eta bertso sortak bilduz Nafarroako Bertsozale Elkarteak argitaratu duen diskoak. Bi helburu nagusirekin egin dute: batetik, Nafarroako kulturaren ondare diren bertso-sorta idatziei bulkada emateko, horiek biltzeko eta ikusgarri egiteko, eta bertzetik, Nafarroako emakume bertsolariei ahotsa emateko, eta bide batez, elkarren arteko sarea sendotzeko.
Ez da hutsetik sortutako proiektua izan. 2019an, Lesakan, Nafarroako bertso munduko emakumeen lehenbiziko topaketa egin zutenean erein zuten hazia. Diskoaren ideia, hala ere, «konfinamenduaren fruitua» izan omen da: «Covid 19arekin, topaketari ezin genion segidarik eman, eta disko bat grabatzeko ideia gogoratu zitzaigun. Bertsolariek harrera bikaina egin zioten proposamenari». Hala azaldu digu Irati Majuelo eta Joana Zigandarekin batera koordinazioaz eta grabaketaz arduratu den Alazne Untxalo (Ituren, 1989).
Aniztasunaren eta historia
14 kanta ditu diskoak, banaka zein taldean kantatuak, ahots hutsez edota musikaz lagunduta, «ikuspegi feministatik» landutako gaiekin eta doinuen «aniztasunarekin». Baina denek bertsoa dute oinarri. «Nafarroako lehengo eta oraingo emakume bertsolarien bertso idatzien bilduma da», gaineratu du iturendarrak.
«Auzolanean egindako diskoa izan da, eta gure arteko harremanak sendotzeko balio izan du».
Alazne UNTXALO, Iturengo bertsolaria
Gisa honetara hutsune bat estali nahi izan dute: «gure aitzineko belaunaldietako emakume bertsolarien sorta gutti ailegatu zaizkigu. Gure bertso idatziak grabatu eta biltzea beharrezkoa zela iruditu zitzaigun, ikusgarritasuna emateaz gain, gure lanari garrantzia emateko». Aldi berean, «auzolanean egindako diskoa izan da, eta gure arteko harremanak sendotzeko balio izan du».
Ekainean argitaratu zuten eta geroztik hainbat aurkezpen egin dituzte, «giro goxoa eta hurbila lehenetsiz». Horretarako «gai-jartzaileen ezinbertzeko laguntza» ere eskertu nahi izan du: «Alaitz, Rekondo (Lesaka, 1980), Maialen Belarra (Doneztebe, 1992), Haizea Beruete (Iruñea) eta Ainhoa Larretxearena (Bera, 1996)».
Luzia Goñi eta Estitxu Arozena
Historiari keinu eginez, joan den urtean hil zen Luzia Goñi (Aizarotz, 1928) bertsolaria gogoan izan dute. Bera izan zen plazetan kantari ibili zen lehendabiziko emakumeetako bat; Untxaloren hitzetan, «Nafarroako plazetan belaunaldi hartako erreferente bakarra». Diskoko azken kanta bere bertso bat da, eta ez dute edozein aukeratu ahotsa paratzeko: Estitxu Arozena. «Estitxuk badu bere lekua bertsolaritzaren historian. Gutako aunitzen bertso eskolako irakaslea izan da, eta lehenbiziko emakume bertsolari txapelduna. Luziaren bertsoa berak kantatzea sinbolikoki ederra da».
Baliabide pedagogikoa
Diskoa Nafarroako Bertsozale Elkartean, Lesakako Arranon, Erratzuko Altxuko dendan eta Iruñeko Karrikirin eros daiteke. Baina hortik harago, «Nafarroako emakume bertsolariak ezagutzeko» ez ezik, Hezkuntza Arautuko bertsolaritza programan eta bertso eskoletan erabili nahi dute material pedagogikotzat: «Hartara, gaur egungo umeek eta gazteek erreferente berriak izanen dituzte, emakumezkoak eta nafarrak».