Nafarroako lehen mailako aizkora txapelketako finalerako boskotea osatu da

Ttipi-Ttapa 2021ko urr. 4a, 15:00
Rekondo, Etxeberria, Olano, Saralegi eta Vicente, finalera sailkatu den boskotea.

Iker Vicenterekin batera, Eneko Saralegi, Leitzako Julen Olano eta Jon Rekondo eta Zigako Joxean Etxeberria ariko dira azaroan Donezteben.

Nafarroako lehen mailako aizkora txapelketako kanporaketa jokatu zen urriaren 2an, larunbat arratsaldean Lekunberrin. Azaroaren 19an edo 21ean Donezteben jokatuko den finalerako bost txartel zeuden jokoan eta hauek dira sailkatutakoak: Iker Vicente, Eneko Saralegi, Julen Olano, Jon Rekondo eta Joxean Etxeberria.

Iker Vicentek nagusitasunez irabazi zuen proba: Bi kana erdikoak, bi 60 ontzakoak eta oinbikoa mozteko 13 minutu eta 56 segundo behar izan zituen. Bigarren posturako lehia polita izan zen Eneko Saralegi eta Julen Olanoren artean. Azkenean Saralegi izan zen bigarren (16.36) eta hamar segundoko aldea atera zion Olanori (16.46). Laugarren Jon Rekondo izan zen (17.19) eta lehiarik estuena finalerako bosgarren txartelarena izan zen. Azkenean, hiru segundoko aldearekin Zigako Joxean Etxeberriak lortu zuen (17.37), Asier Pellejero aresoarraren kaltetan (17.40). Julen Kañamares zazpigarren izan zen (17.55) eta Iban Resano zortzigarren (19.16).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun