Nafarroako Bertsolari Txapelketa 2021

Eneko Fernandez lesakarra nagusitu da Nafarroako Bertsolari Txapelketako lehen final-laurdenean, Izaban

Ttipi-Ttapa 2021ko urr. 4a, 09:00

Eneko Fernandez kantari Izaban. Lesakarrak lortu zuen puntuaziorik altuena Nafarroako Bertsolari Txapelketako lehen saioan.

Azaroaren 1ean Altsasun jokatuko den finalaurrekorako txartela lortu du Lesakako bertsolariak. 100 lagun inguru bildu dira Izabako zineman, 2021eko Nafarroako Bertsolari Txapelketari hasiera emateko.

Izaban abiatu da 2021eko Nafarroako Bertsolari Txapelketa, Nafarroako Pirinioetan. 100 lagun inguru elkartu dira Erronkari bailarako herriko zineman. Haien aitzinean aritu dira Julen Zelaieta Iriarte (Bera), Eneko Fernandez Maritxalar (Lesaka), Idoia Granizo Uribarrena, Patxi Castillo Graziarena (Bera), Aitor Irastortza Arrizurieta eta Endika Legarra Nuin. Alaitz Rekondok egin ditu gai-jartzaile lanak. Nafarroako Bertsozale Elkarteak Izabako Udalarekin elkarlanean antolatu du saioa.

Saio puntugarriaren ostean, Eneko Fernandezek eskuratu du puntu gehien (347), eta hortaz, azaroaren 1ean Altsasun jokatuko den lehen finalaurrekorako txartela eskuratu du. Haren gibeletik sailkatu dira Endika Legarra (315,5), Julen Zelaieta (305), Patxi Castillo (300,5), Idoia Granizo (292) eta Aitor Irastortza (272,5)

Honela geratu da saioko puntuazioa:

  • Eneko Fernandez Maritxalar: 347
  • Endika Legarra Nuin: 315,5
  • Julen Zelaieta Iriarte: 305
  • Patxi Castillo Graciarena: 300,5
  • Idoia Granizo Uribarrena: 292
  • Aitor Irastortza Arrizurieta: 272,5


Heldu den larunbatean, urriaren 9an, izanen du segida Nafarroako Bertsolari Txapelketak, Tafallako Kultur Etxean, 17:30ean. Han ariko dira Eneko Lazkoz Martinez, Saioa Alkaiza Guallar, Alazne Untxalo Erregerena (Ituren), Ekhiñe Zapiain Arlegi (Bera), Erika Lagoma Pombar (Lesaka) eta Urko Gartzia Aleman (Lekaroz), Ander Aranbururen aginduetara. www.bertsosarrerak.eus atarian eskuratu daitezke sarrerak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun