Nafarroako Gobernuak, Komunikazio eta Erakundeekiko Harremanetarako Zuzendaritza Nagusiaren bidez, erabaki du LTD bidez emititzen duten bortz tokiko telebistari 450.000 euro ematea, ikus-entzunezko produkziorako laguntza gisa, aurtengo irailetik abuztura doan 2021/2022 denboraldirako. Zehazki, Nafarroako Gobernuaren laguntza horiekin, telebistetako programa bakoitzaren produkzio-aurrekontuaren %50 diruz laguntzen da.
Aurreko edizioekin alderatuta, oraingoan, berrikuntza gisa, laguntzen deialdia programazio-parrillen eguneraketara egokitu da; hau da, telebista-denboraldira (iraila-abuztua), urte naturalaren (urtarrila-urria) ordez, orain arte gertatzen zen moduan. Hori dela eta, laguntzak urte artekoak dira; era horretan, emandako 450.000 euro horietatik 100.000 euro 2021eko Aurrekontuaren kontura eginen dira eta 350.000 euro 2022ko Aurrekontuaren kontura.
Ondorioz, honako hau urteko bigarren laguntza-deialdia da, otsailean ebatzi baitzen lehenengoa, urtarriletik abuztura bitarteko programazioari zegokiona.
Hogei programa diruz lagunduak
Enpresa bakoitzaren eskaerak kontuan hartuta, Iruñeko mugapean, Xaloa Telebistak guztira 25 proiektu aurkeztu ditu deialdira, eta horietatik bederatzik hartu dute dirulaguntza: Nafarroa Ekologikoa, Gazteratu, Sos arte, Nafarroako erraldoi, Gazteak Pirinioak, Urriaroa, Negudeberriaroa, Udaroa eta Nafarroako Janariak. Bestalde, Hamaika Telebistak sei ekimen aurkeztu ditu, eta, azkenean, hiruk jasoko dituzte laguntzak; hain zuzen ere, ‘Klik Batean’, ‘Pandoraren Kutxa’ eta ‘Gaztelu Plaza’ programek. Iruñean eta Iruñerrian emititzen duen hirugarren telebista Irundarra Telebista da, hiru programetarako laguntzak eskatu zituen, eta, azkenean, bietarako emango zaio laguntza: Entre Arrozes eta Con Ruedas.
Tafallako mugapeari dagokionean, Zona Media TVk aurkeztutako bost programetatik hiruk jaso dute dirulaguntza: A pie y con Dron, Viva la Música eta La Barra. Bertzalde, 30TVk lau programa aurkeztu zituen, eta hiruri emanen zaie laguntza: Destino, Residuo eta Barreras.