Uste baino beranduago dator 2021eko Nafarroako Bertsolari Txapelketa, 45.ena. Baina badator eta larunbat honetan hasiko da. Izabak lehenbiziko aldiz hartuko du Nafarroako Bertsolari Txapelketako saio bat, lehenbiziko final-laurdena, zehazki. Gisa honetara, bere egitasmoa «Nafarroa osoan zehar hedatzeko apustuan pauso bat eman» nahi izan du Nafarroako Bertsozale Elkarteak. 17:30ean hasiko da saioa, Izabako zineman eta Alaitz Rekondo lesakarrak aurkeztuko du saioa. Sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus atarian.
Oholtza gainean, berriz, sei bertsolari ariko dira: Julen Zelaieta Iriarte, Eneko Fernandez Maritxalar, Endika Legarra Nuin, Patxi Castillo Graziarena, Aitor Irastortza Arrizurieta eta Idoia Granizo Uribarrena. Saioko irabazleak zuzenean lortuko du finalaurrekoetan aritzeko txartela; zehazki, Altsasukoan. Bertze bertsolariek final-laurdenen fase osoa bukatu arte esperatu beharko dute, sailkatuko diren edo ez jakiteko. Izabakoaren ondotik, urriaren 9an Tafallan, urriaren 10ean Zangozan eta urriaren 16an Donezteben izanen dira final-laurdenak. Guztira, txapelketan hasiko diren 24 bertsolarietatik 18 pasako dira finalaurrekoetara.
Finalaurrekoak
Finalaurrekoak azaroaren 1ean Altsasun, azaroaren 6an Berriozarren eta azaroaren 14an Leitzan jokatuko dituzte. Bi hilabetez Nafarroako hainbat herri eta eskualde zeharkatu ondotik, azaroaren 28an jarriko diote azken puntua txapelketari, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian jokatuko duten finalarekin. Orduan izendatuko dute 2021eko Nafarroako txapelduna, eta harekin batera, hurrengo Bertsolari Txapelketa Nagusian ariko diren Nafarroako bertze lau ordezkariak.
Eskualdeko bertsolariak
Txapelketan parte hartuko duten 24 bertsolarietatik 13 eskualdekoak dira.
Eskualdeko gai-jartzaileak
12 lagunek osatuko dute txapelketako gai-jartzaileen lantaldea eta horietatik sei TTIPI-TTAPAk hartzen duen eremukoak dira.
Eskualdeko epaileak
Bertsolarien lana epaitzen zazpi laguneko taldea ariko da, horien artean eskualdeko hiru lagun.