Nafarroako EHNEk ortziralean eginen du VII. Kongresua Artikan

Ttipi-Ttapa 2021ko ira. 29a, 15:00

Nafarroako EHNEk ortziralean Artikan eginen duen biltzarra iragartzeko egindako agerraldia.

Nekazaritza nekazarion esku’ lelopean familia-ustiategiek osatutako betiko eredua defendatuko du sindikatuak

EHNE-Nafarroak sindu¡ikatuaren VII. Biltzarra eginen du urriaren 1ean, ortziralean Artikako kultur etxean, "Nekazaritza nekazarion esku” lelopean. Lelo horrek mahai gainean jartzen du lehen sektoreak premiaz aurre egin behar dien funtsezko erronketako bat. Hain zuzen ere, lurra bezalako nekazaritza-aktiboak gutti batzuen esku geratzea saihestea da EHNEren erronka, eta aldi berean familia-ustiategiek osatutako betiko eredu batetik enpresa handiek eta inbertitzaile taldeek osatutako eredu industrializatu batera igarotzea saihestea, «gure landa-eremuen garapen orekatu eta jasangarrirako ezer onik ekartzen ez duen eredu bat baita».

Haritz Migeliz, EHNE-Nafarroako egungo idazkariak azaldu duenez, Kongresua egin aitzinetik prozesu bat egon da, eta bertan EHNEren zuzendaritzak, barne antolaketa eta nekazaritza politika txostenak aurkeztu dizkio afiliazioari. Ponentzia horiek dira datozen lau urteetarako sindikatuaren ibilbide-orria, eta guztira 19 zuzenketa jaso dituzte. Zonaldeka egindako bileretan horietatik lau onartu egin dira, bertze bortz gibelera bota dira, eta gainerako hamarrak Kongresuan defendatu eta bozkatuko dira, behin betiko testuan txertatu ala ez erabakitzeko.

Era berean, Zuzendaritza berrian parte hartuko duten hautagaitzako zortzi kideen izenak ere eman dira jakitera. Azaldu dutenez egungo zuzendaritzako bi kide izanen dira berrian, horietako bat, Fermin Gorraitz, lehendakari izateko prest agertu da. Hautagaitza horretan Nafarroako iparraldeko zein hegoaldeko nekazariak daude.

Agerraldia baliagarria izan da, halaber, Gobernuak otsoa babestutako espezieen zerrendan sartzeak lehen sektorean sortu duen haserrea erakusteko, eta albiste txarra da EHNE-Nafarroaren ustez.

Hala, Gorraitzek azaldu duenez, «abeltzaintza estentsiboa otsoarekin bizi dadin saiatzeko neurriak benetan zailak dira, batez ere mastinak maneiatzerakoan edo ganadua zaintzeko langileak kontratatzerakoan». Horrek guztiak lan handiagoa zein diru kostu gehigarria ekarriko die abeltzainen ekonomiari.

Era berean, kritikatu egin du neurria guztiz aldebakarrekoa izan dela, abeltzainen eta lehen sektoreko sindikatuen iritzia kontuan hartu gabe, eta oso larritzat jo du hori, eta, horren ondorioz, Abeltzaintza Estentsiboaren aldeko Plataforma Transpirenaikoak, Teresa Ribera ministroaren dimisioa eskatu du.

Azkenik, Gorraitzek berri ontzat nabarmendu du estatu mailan behi-ustiategien tamaina gehienez 850 azienda larriko unitatera arautzeko Nekazaritza Ministerioaren asmoa, ustiategi erraldoien ekimenak gelditzeko. Gogoratu duenez Foru Dekretu bidez horrelako araudi bat egin zen Nafarroan, behien kasuan oraindik indarrean ez dagoena, Valle de Odieta enpresak Caparrosoko makrogranjaren jabeak, errekurritu eta irabazi egin baitzuen.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun