ITVko txartel faltsuak jartzeagatik bi salaketa egin ditu Foruzaingoak Elizondon eta Sunbillan

Ttipi-Ttapa 2021ko ira. 29a, 09:33
Irungo gidariaren autoak zeukan pegatina.

Elizondoko komisaldegiko hiritar segurtasunerako patrullek bi gidari dokumentuak faltsutzeagatik salatu dituzte berriki Elizondon eta Sunbillan, beraien ibilgailuetan ITVko eranskailu faltsuak zituztelako paratuak.

Elizondon, 2022ra arte baliagarria zen ITVko eranskailua zuen, baina gidariak erakutsitako ikuskaritza teknikoko txartelak ez zeukan derrirrorrezko zigilua. Gidariak ikuskaritza Sunbillako ITVn pasatu zuela adierazi arren, hori ez zela horrela baieztatu zuen foruzaingoak eta dokumentuak faltsutzeagatik salatu du ibilgailuaren jabea, 62 urteko Bertizaranako bizilaguna.

Sunbillan, berriz, ITV azterketa gainditua zuela adierazi zuen gidariak, 37 urteko irundarrak. Baina erakutsitako pegatina (argazkian) martxoan kadukatua zegoen eta gainera, gaur egun ez dagoen modelo batekoa zen. Hau ere dokumentu publikoa faltsutzeagatik salatu zuten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun