Bi astez erosketa-txarteletan 1.500 euro zozketatuko ditu Denok Bat Federazioak

Ttipi-Ttapa 2021ko ira. 28a, 16:00
Aste bakoitzean 750 euro emanen ditu Denok Bat Federazioak, balio ezberdineko erosketa-txarteletan banatuak.

Udazkeneko promozio kanpaina urriaren 1etik 16ra bitarte eginen du eta erosketa-txartelak urriaren 23ra arte erabil ditzakete bezeroek.

Baztan, Bera, Doneztebe eta Lesakako merkatariak biltzen dituen Denok Bat Federazioak udazkeneko promozioa eginen du urriaren 1etik 16ra. Denok Bat Giltzaria txartelarekin erosketak ordaintzen dituztenen artean urriaren 11n eta 18an 750 euro zozketatuko dituzte (50 euroko lau erosketa-txartel, 30 euroko hamabi erosketa-txartel 20 euroko zortzi erosketa-txartel eta 15 euroko bi erosketa-txartel). DenokBat Giltzaria eskaintzen duten edozein saltokitan erabiltzen ahal dira opari txartel hauek, urriaren 23ra arte.

Aitzineko astean, astelehenetik larunbatera Denok Bat Giltzariarekin eragiketa bat egin duten bezero guztiek parte hartuko dute bi astelehenetan, urriaren 11n eta 18an eginen diren zozketetan.

Opari txartelen irabazleei telefonoz deituko diete. Irabazleak, telefonoz errandako saltokira joan beharko du eta bertan opari txartela kanjeatzeko kode bat emanen diote. Argazki bat ere aterako zaio irabazi duen opari txartelarekin. Opari txartela ezin da inolaz ere diruz trukatu.

DenokBat federazioa osatzen duten elkarteen Facebook orrialdeetan eta DenokBateko web-orrian, irabazleen izenak eta argazkiak argitaratuko dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun