Mendialderako eredu turistikoa diseinatzeko parte-hartze saioak bultzatuko ditu Plazaola Turismo Partzuergoak

Ttipi-Ttapa 2021ko ira. 28a, 09:00

Proiektu honen lehenengo fasean (analisia eta diagnostikoa) sortutako Talde Motorraren saio bat.

Lehenengoa gaur bertan eginen dute Larraungo udaletxean, bigarren saioa urrian Basaburuan eta hirugarrena azaroa amaieran Leitzako Herri Aretoan.

Turismoaren sektoreak izugarrizko aldaketak izan ditu azken urtetan. Turista eta bisitarien presentzia handitzearekin batera, gure lurraldeko eskaintza gero eta handiagoa eta anitzagoa da: alojamenduak, baliabideak, zerbitzu turistikoak, ekipamenduak, azpiegiturak… Ondorioz, turismoa, ekonomiaren ardatz garrantzitsu bat bihurtu da Mendialdean eta turismoaren eredua eta marko estrategikoa diseinatzeko lan-saioak antolatu ditu Plazaola Partzuergoak.

Aldaketak oso nabariak izan dira eskaera turistikoan eta eskaera horri aurre egiteko moduetan (kudeaketan, merkataritzan eta promozioan). Gutxi balitz, COVID pandemiak areagotu egin ditu aldaketa horiek, eta beste behar eta eskaerak agerian utzi ditu: digitalizazioa, negozio eredu berriak, marketing tresna berriak, baliabide berrien eskaerak, publiko… Bestalde, ezin dira ahaztu pandemia garaian sortu diren egoera kezkagarriak, besteak beste, gure inguruko negozio gehienek aurre egin behar izan dioten egoera zaila, sektorearen ahultasuna azalduz; eta, bestetik, baliabide turistikoen kontsumoan sortu diren egoerak: bisitarien pilaketak, ingurune naturalarekiko eta landa-ingurunearekiko errespetu falta, zaborrak, bertako biztanleei eragozpenak…

Honek guztiak zalantzan jarri ditu egungo turismo-eredua eta haren jasangarritasuna. Eta honek guztiak ere bultzatu du Plazaola Turismo Partzuergoa iniziatiba hau egitera.

Eredu turistikoa eta marko estrategikoa

Plazaola Partzuergoak argi du zonaldeko turismoak kalitatezko proiektuak behar dituela oinarrian ohiko turismotik bereizteko, gaur egungo beharretara egokitzeko eta estrategia berriak sustatzeko. Horretarako, bere proiektuak gauzatzeko nahitaezkoa du zonaldeko herritar eta eragileen iritzia eta ustea jasotzea, enpresari elkarte eta udalen bitartez jasotzen dutena, eta Partzuergoaren baitako taldeak inplikatzea.

Etorkizunari begirako Plan Estrategikoa zehazteko bidea abiatu du Plazaolako Turismo Partzuergoak. Turismoa zonaldearen garapen ekonomikorako motor moduan lantzeko, zonaldeak berak dituen bereizgarriak balioan jartzeko eta zonaldearen kohesiorako ikuspegiarekin garatzeko helburu nagusiarekin.

Iniziatiba honek partaidetzan du oinarri nagusia. Parte-hartze prozesu hau, turismoaren izaera transbertsalarekin bat eginez, lurraldeko hainbat eragileri irekita dago eta, era berean, herritarrekin eta zonaldeko turismoari lotutako kanpoko eragileekin partekatu nahi da.

Mendialdea lurralderako eredu turistikoa definitzea eta datozen urtetarako estrategia turistikoa eta lan-ildo nagusiak finkatzea dira helburu nagusiak.

Hiru saio presentzial

Horrela, datozen asteetarako hiru parte-hartze saio antolatu dira eskualdeko eragileak elkartu, ekarpenak partekatu eta Plan Estrategikoaren diseinua modu kolaboratiboan egiteko.

Lehen parte-hartze saioa gaur bertan, irailaren 28an, asteartea, 15:30ean egingo da Larraungo udaletxean. Bigarren saioa urria amaieran izango da Basaburuan eta hirugarren, eta azken saioa, azaroa amaieran izango da, Leitzako Herri Aretoan.

 

Saioetan parte hartu nahi dutenek, plazaola@plazaola.org helbidean izena eman beharko dute. COVID egoera dela eta, saioetarako aforo mugak egongo dira eta saioetan parte hartzeko aurrez izena ematea eskatuko da. Higiene eta segurtasun neurriak bermatuko dira.

Parte hartze saio horietaz gain, aurrerantzean on line parte hartzeko aukera izango da. Horretarako galdetegi bat egongo da www.plazaola.org web orrialdean.

Proiektu hau, Nafarroako Gobernuaren Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuak eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritzak deitutako dirulaguntzen onuraduna izan da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun