SMSak eta telefono deiak konbinatuz iruzur gehiago egiten ari direla ohartarazi du Irache Kontsumitzaileen elkarteak

Ttipi-Ttapa 2021ko ira. 26a, 09:30

Irachek ohar batean jakinarazi duenez, elkartera hainbat kasu iritsi dira azken asteotan 4.000 euro baino gehiagoko diru-galtzeak izan ditzaketenak, baina bertze batzuetan, iruzurra oraindik diru gehiagokoa ere izan omen da.

Irachek azaldu duenez, iruzurra gertatzen da pertsona batek ustez bere bankutik SMS bat hartzen duenean, non segurtasun-sistema bat aktibatzea aholkatzen dioten, kontua blokeatuta gelditzea nahi ez badu. Horretarako, SMSan esteka bat eskaintzen diote eta hor klik egitea eskatzen diote.

Batzuetan, mezua bankuko bertze SMS batzuekin batera agertzen da, eta horrek egiazkotasun itxura handiagoa ematen dio. Biktimak esteka horretan klikatzen badu, bezeroaren bankuarena dirudien webgune bat agertuko zaio, eta bertan bankuko datuak eta datu pertsonalak eskatuko zaizkio, hala nola sarbide-zenbaki gakoa, harremanetarako telefonoa edo bankuko txartelaren zenbakia.

Kontsumitzaileak datuak sartzen dituenean, delitugileak telefonoz deitzen du, bankuko enplegatu baten itxurak eginez. Biktimaren telefonoan ageri den zenbakiak bere bankuak erabiltzen dituen zenbakien antza izan ohi du, edo, are gehiago, zuzenean bankuak erabiltzen duen zenbaki bat agertzen da pantailan, irudi engainagarri bat baino ez bada ere.
 
Irache elkartekoek azaldu dutenez, gezurrezko langileak kontuko mugimendu susmagarrien berri eman zion biktimari, eta eragiketa horiek atzera botatzeko eskatu zion, telefonoan erabiltzen zuen banku-aplikazioaren bidez. Kontsumitzaileen elkarteko oharrean ohartarazi duenez, aurrera segituz gero, «biktimak iruzurgileen poltsikoetara joanen diren diru-transferentziak baimenduko ditu».

Irachek jakitera eman duenez, pertsona batzuek 4.000 euro baino gehiago galdu dituzte beren kontuetatik, eta ez da erraza dirua berreskuratzea, bankuak batzuetan bezeroaren zabarkeria argudiatzen baitu.

Horregatik, bezeroa iruzurraz ohartzen denean, funtsezkoa da erakundeari jakinaraztea eta poliziari salaketa jartzea.
 
Edonola ere, Irachek kasu ematea gomendatzen du eta hemen aipatu den gisako iruzur baten biktima ez izateko, hainbat jarraibide kontuan hartzea: ez jakinaraztea eta partekatzea klabeak, pin zenbakiak, txartelen datuak, kontuen datuak eta datu pertsonalak bide horietatik, informazio hori banku-bulegoetan bakarrik eman behar baita.
 
Espainiako Bankuaren Erreklamazio Zerbitzuaren 2020ko memoriak agerian uzten du Internet bidez ustez gertatutako iruzurren ondoriozko kexen hazkundea, 2019arekin alderatuta, % 236 igo dela.
 

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun