Etxebizitzetatik amiantoa kentzeko dirulaguntzak emanen ditu Nafarroako Gobernuak

Ttipi-Ttapa 2021ko ira. 24a, 18:00

Eraikin bakoitzak gehienez ere 12.000 euro hartuko ditu lanak egin ahal izateko.

Lurralde Antolamendu, Etxebizitza, Paisaia eta Proiektu Estrategikoen Sailak laguntza-lerro berri bat abiatu du Etxebizitzako Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, amiantoa bizitegi-parketik kentzeko. Horretarako, 12.000 euro bideratuko ditu eraikin bakoitzeko, Next Generation EU funtsetatik Gobernuak jasoko duen finantzaketaren barnean.

Amiantoa historikoki eraikuntzan aunitz ibilitako materiala da, batez ere paretak, teilatuak eta etxebizitzen bertze zatiak estaltzeko. 90eko hamarkadan material arriskutsua dela konturatu ziren, arnastuta gaixotasun aunitz sortu ditzakeelako epe luzera, haien artean minbizia. Hala ere, material hau Nafarroako eraikinetan aurkitu daiteke oraindik, 1960-1990 hamarkadetan eraikitako etxebizitzetan batez ere, nahiz eta Gobernuak adierazi duenez, «seguruenik gehiengoa desagertu egin da birgaitze, zaharberritze eta eraispenetan.»

Nafarroako Gobernuak, auzoak berroneratzeko eta eraikinak zaharberritzeko planaren barnean, dirulaguntzak emanen ditu material honen erretiratze, manipulazio, garraio eta hondakinen kudeaketarako, espezializatutako enpresa baimenduen bitartez.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun