Banakako Xilabaren bigarren kanporaketa saioa bihar Muskildin

Ttipi-Ttapa 2021ko ira. 24a, 13:00

Maddi Ane Txoperena lesakarra nagusitu zen lehenbiziko saioan eta bertze sei bertsolarik jokatuko dute finalerdietarako txartela biharko saioan

Muskildiko Posonpesenean eginen dute bigarren kanporaketa saioa bihar 17:00etan. Bertan, Bittor Thicoïpe, Ramuntxo Christy, Xumai Murua Berra, Xan Alkhat, Maddalen Arzallus Antia eta Miren Artetxe izanen dira oholtzaren gainean. Xabi Elgar aurkezleak gidatuko du saioa.

Lau kanporaketa saio eginen dituzte guztira. Maddi Ane Txoperena nagusitu zen lehenbizikoan, hirugarrena Hiriburun eginen dute urriaren 2an eta laugarren eta azkena urriaren 9an Gabadin. Kanporaketa saioetan sailkatutako 18 bertsolariek hiru finalerdi jokatu dituzte urriaren 16an, 23an eta 30ean finalerako txartela lortzeko.

Finala azaroaren 13an izanen da, Donibane Lohizuneko Jai-Alai pilotalekuan, 17:00etan. Puntu gehien metatu duten bi bertsolariek buruz burukoa jokatu ondotik, erabakiko du nor izanen den aurtengo Xilaba txapelketako txapelduna.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun