Ondarearen Europako Jardunaldien baitan bisita gidatuak eginen dituzte asteburu honetan Lesakan eta Bertizen

Ttipi-Ttapa 2021ko ira. 23a, 19:00
Bisita gidatua Bertizen, joan den larunbatean Ate Irekien Egunean. Asteburu honetan izanen da berriz ere bisitatzeko aukera. Argazkia: Fernando Anbustegi

Urriko lehen asteburuan segida izanen dute Urdazubin eta leizeetan egindako azken aurkikuntzak aurkeztuko dituzte.

Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendaritza Nagusiak-Bianako Printzea erakundeak bat egin du Europako Kontseiluak bultzatutako Europako Ondarearen jardunaldiekin. Honela, asteburu honetan eta hurrengoan Nafarroako 41 herritan ondarearekin lotutako hainbat ekintza eginen dituzte. Eskualdeari dagokionez, asteburu honetan bisita gidatuak eginen dituzte Lesakan eta Bertizen eta urriko lehen asteburuan Urdazubin izanen dute hitzordua, leizeetako azken aurkikuntzen berri emateko.

Lesaka: gure kulturaren sorterria

Lesaka: gure kulturaren sorterria izeneko bisita gidatuak eskainiko dituzte Lesakan irailaren 24an (ortziralean 17:00etan), 25ean (larunbatean 12:00etan) eta 26an (igandean 12:00etan), Lesakako udalak antolatuta.

Harriondoan dagoen Turismo Bulegotik abiatu eta ordubete inguruko ateraldia izanen da. Azalpenak euskaraz eta gaztelaniaz emanen dituzte. Erreserba egin daiteke teknikaria1@lesaka.eus helbide elektronikoan edo 662 64 81 81 telefonoan. «Ondare kulturalak eta tradizioek sekulako garrantzia izan dute Lesakan historian zehar. Horregatik, hain gurea den altxor preziatu hau transmititzeko eta partekatzeko, free tour hau egitera gonbidatzen zaituztegu. Bertan, kulturaz gain, Lesakako bitxikeriak, arkitektura eta filmatu diren pelikulei buruz ikasteko aukera ere izanen duzue», dio oharrak.

Zentzumenen Lorategia Bertizen

Bertizko Natur parkean, berriz, Zentzumenen lorategia bisita gidatuak eskainiko dituzte irailaren 25ean eta 26an, larunbatean eta igandean 12:00etan eta 17:30ean.

Bertizko Jaurerria Natur Parkeko Lorategi Historiko Artistikoan barnako ibilbide gidatu interpretatiboa izanen da, Kaizenek eskainia. Gutxi gorabeherako iraupena: 1 ordu eta 15 minutu. Gehienez ere 25 laguneko taldea. Erreserba egitea aholkatzen dute (cinberti@navarra.es, 948592421 edo harrerako kasetan).

100 urte baino gehiago dituen lorategi eder hau bide eta bidezidor bihurgunetsuz osatuta dago, eta mota askotako zuhaitz handiz, heskaiez, zuhaixkez eta lore-multzoez inguratuta. Bertan, espezie autoktonoen eta landare exotiko ugariren aleak ikus daitezke. Haien itxuragatik edo arraroak izateagatik nabarmentzekoak dira, besteak beste, likanbarrak, haginak, hibak, zingiretako altzifreak, zefalotejoa, sekuoiak, zedroak, gynckoak, limoiondoak, kameliak, azaleak, hortentsiak, glizinak eta banbuak.

Aberastasun botanikoaz gain, ingurune paisajistikoen kalitateagatik ere nabarmentzen da, giro bereziak sortzen baitituzte urmael, zubi txiki, biribilgune eta edertasun handiko beste elementu batzuei esker, hala nola begiratokia eta kapera, Art Nouveauko bitxiak, multzo honi XIX. eta XX. mendeen arteko aldaketa-urteen edertasunaren erreferentzia ematen diotenak.

Heldu den astean Urdazubin izanen dira ekitaldiak

2021eko Europako ondarearen jardunaldiek segida izanen dute urriko lehen asteburuan Urdazubin.

Urriaren 1ean, ortziralearekin, monasteriora sartzea dohainik izanen da ,14:00etatik 18:00etara.

Urriaren 2an, Alkerdiko lezeak ikusteko aukera izanen da. Larunbatean, 11:00etan, udalak, Nafarroako Gobernuak eta Aranzadi elkartekoek Alkerdi 2 leizean eginiko aurkikuntza berrien aurkezpena eginen dute turismo bulegoan. Ondotik, Arturo Hermoso de Mendoza Satorrak taldeko espeleologoak eta Diego Garate arkeologoak hitzaldiak emanen dituzte leku berean. 12:30ean, bisita gidatua abiatuko da plazatik Berroberria eta Alkerdi 1 leizeetarat. Horrez gain, Urdazubi eta Zugarramurdiko eskolako ikasleek ere Alkerdi eta Berroberriko leizeen bisita egiteko aukera izanen dute datorren astean arkeologoen laguntzarekin.

Urriaren 3an, igandearekin, errota bisitatzeko aukera izanen da 16:00etan. Edukiera mugatua denez, tokia hartzea gomendatu dute 948 59 90 70 telefonoan edo turismo@urdax.es helbidean urriaren 2 eta 3ko ekitaldietarako.

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun