Euskal Herriko 22 proiektuk 500.656 euro hartuko dituzte Euroskualdeko Hiritartasuna proiektu deialditik

Ttipi-Ttapa 2021ko ira. 25a, 14:00

Akitania Berriak, Euskadik eta Nafarroak osatzen duten Euroeskualdeak sustatutako azken deialdia honetan 22 proiektu lagunduko dituzte diruz. Dirulaguntza deialdira aurkezteko, nahitaezko baldintza da diruz lagunduko den proiektu hori hiru elkarteren artean gauzatua izan behar duela, elkarlanean, administrazio eremu bakoitzetik partaide bat. Aurtengoan, Xareta eta Bortzirietako hainbat elkarte daude parte-hartzaileen artean. 

Diruz lagundutako proieektuak lau kategoriatan banatuta daude: kultura, hezkuntza/gazteria, eleaniztasuna eta kirola.

Kultura atalean, Senpereko Gastibeltza ekoiztetxea da onuradunetako bat, Iruñeko Katakrak eta Irungo BIBA Ainhoa Elkartearekin batera aurkeztu dute proiektua, Black is Beltza II filma eta 27.270 euro hartuko dituzte. Berako Larungo Kayola SLk, Karrantzako (Bizkaia) Muturbeltz elkartearekin eta Oloroe St Marie-ko (Akitania Berria) Association TRAM-E elkartearekin batera, Cayolar proiektua aurkeztu dute eta 15.453 euro hartuko dituzte egitasmoa gauzatzeko.

Hezkuntza eta gazteriaren kategorian, Senpereko Saint Christophe laborantza lizeoak Cederna Garalur (Nafarroa) eta Mutrikuko (Gipuzkoa) Kardala LH Institutuarekin batera, Akuaekin proiektua gauzatu ahal izateko 6.727 euro hartuko dituzte.

Kirol atalean, Lesakako Atxaspi SLk, Hendaiako Udal Kirol Bulegoak eta Irungo Be On Sports SL enpresak aurkeztu duten Be on! proiektuak 25.500 euro hartuko ditu egitasmoa aurrera eramateko.

Azkenik, Eleaniztasun kategorian Berako Guztiok taldeak, Baionako Iker-ek eta Euskadiko UPV/EHU-k aurkeztu duten Hehgan proiektua gauzatzeko 3.909 euro jasoko dituzte.

Bigarren deialdia

Irailaren 27an aurkeztuko dute bigarren deialdia eta urriaren 27a arte aurkezten ahalko dira proiektuak. 400.000 euroko aurrekontua izanen du deialdi honek eta sei kategoriatako proiektuak barne hartuko ditu:

  • Aeronautika/ espazio nabigazio/ fabrikazio aurreratuak
  • Osasuna/ bio-osasuna
  • Nekazaritza/ elikaduren ekoizpena
  • Energia berriztagarriak
  • Itsasoko eta itsasertzeko baliabideak
  • Basoak, egurra eta eraikuntza jasangarria

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun