Bakoitzak bere kategorian, Jon Medranok eta Ramontxo Arandiak bigarren postua eskuratu dute Ipar Martxako Espainiako Kopan

Ttipi-Ttapa 2021ko ira. 20a, 14:30

100 parte-hartzaile baino gehiago lehiatu dira Valladoliden (Espainia) asteburu honetan ipar martxako Espainiako Kopako hirugarren proban, horien artean Jon Medrano elizondoarra eta Ramontxo Arandia beratarra. Parte-hartzaileek hiru aldiz osatu behar zuten 3,79 kilometroko ibilbidea Las Contiendas parkean, hiriaren hegoaldean (11,37 km guztira).

Sailkapen absolutuan, Ramón David Álvarez valentziarrak irabazi zuen Espainiako Kopako hirugarren proba (1:07:09), bigarren Azagrako (Nafarroa) Pedro Romero Delgado sailkatu zen (1:07:12), hirugarren Ramontxo Arandia beratarra (1:10:58) eta laugarren Jon Medrano elizondoarra (1:12:21).

Emakumezkoetan, lehenengo bi postuetan bi gasteiztar sailkatu ziren: Izaskun Bengoa (1:14:30) eta Arantxa Pinedo (1:19:14). Hirugarren postuan Reyes Fernandez madrildarra (1.21: 35).

 

Bakoitza bere kategorian, Jon Medrano eta Ramontxo Arandia bigarrenak sailkatu ziren

Kategoriaka begiratuz gero, gure lurraldeko bi ibiltariak marka bikainak eskuratu zituzten. Jon Medrano senior mailako ibiltarien artean bigarren sailkatu zen eta, beteranoen artean, Ramontxo Arandiak ere bigarren postua eskuratu zuen.

Ramontxo Arandiak bigarren denborarik onena eskuratu zuen beteranoen kategorian.

Jon Medranok bigarren denborarik onena eskuratu zuen seniorren kategorian.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun