Etxebizitzak edo lokalak alokatzerakoan, jabeak Energia Ziurtagiriaren kopia bat eman behar dio maizterrari

Ttipi-Ttapa 2021ko ira. 19a, 11:30

Irailean gora egiten du errentan ematen diren etxebizitzen kopuruak, batez ere ikasleen eta irakasleen mugimenduak lagunduta. Argindarraren faktura inoiz baino garestiago ordainduko dugun honetan, bazenekien etxebizitzaren jabeak maizterrari alokairu kontratuarekin batera Energia Ziurtagiriaren kopia bat emateko obligazioa duela?

2013ko ekainaren 1az geroztik, 235/2013 Errege Dekretua indarrean sartu zenetik, energia ziurtagiria nahitaezkoa da etxebizitzak edo negozio-lokalak errentan emateko.

Kontsumitzaileen elkarteek gogora ekarri dute, ordutik, jabeek energia ziurtagiriaren kopia bat aurkeztu behar dietela maizter berriei. Izan ere, maizterren aldetik kontsumitzaileen elkarteek maiz hartzen dituzten kontsulten arabera, sinatutako kontratu berrietan, oraindik ere ez da betetzen Legea.

Zer da ziurtagiri energetikoa?

Arkitekto edo ingeniari batek alokatuko den etxebizitzari edo lokalari buruz egindako dokumentu tekniko bat da, eta etxebizitza edo lokalaren neurketa eta azterketa batzuk egin ondotik, letra bat esleitzen zaio (A-tik G-ra), etxebizitzaren edo lokalaren maila energetikoa zehazten duena, hau da, efizientzia energetikoaren ikuspegitik hobe edo okerrago prestatuta dagoen (leihoak, itxiturak, berogailua duen ala ez, gelen orientazioa, eraikinaren orientazioa, etab.).
 

Derrigorrezkoa da ziurtagiria egitea etxebizitza edo lokal bat errentan eman baino lehen?

Bai, nahitaezkoa da etxebizitzak edo lokalak alokatu ahal izateko, bai partikularren artean, bai higiezinen enpresen bidez. Salbuespen bakarra, hau da, ez da beharrezkoa energia-ziurtagiria errentamendu-kontratuari aurkeztea, alokairuaren iraupena lau hilabetetik beherakoa denean. Errentamenduaren iraupena lau hilabeteak gaindituz gero, jabeak etxebizitzaren edo lokalaren energia-ziurtagiria erantsi behar dio alokairu-kontratuari.
 

Zer gertatzen da alokairu-kontratuarekin batera ziurtagiri energetikorik ez bada ematen?

Ziurtagiri hori ez duten etxebizitzen edo lokalen jabeek 300 eta 6.000 euro bitarteko isuna jaso dezakete, arau-haustearen arabera.

Beraz, hagitz garrantzitsua da, etxe-jabeak etxebizitza edo lokala alokatu nahi badu, lehenik eta behin energia-ziurtagiria lortzea; izan ere, ikuskaritza baten bidez edo maizterraren salaketaren bidez, isuna jar dakioke legezko arau-haustea egiteagatik.

KONTUZ: etxebizitza edo lokala salduko bada, etxebizitzaren edo lokalaren energia ziurtagiri hori ere beharrezkoa izanen da, eta notarioek nahitaez ohartarazi beharko dute salmenta eskrituran ez aurkeztearen ondorioak eta zehapenak.

Jabeak kontratu berri bat egiten duen bakoitzean ziurtagiri berri bat egin behar du?

Ez. Ziurtagiriak hamar urteko balioa duenez, ez da beharrezkoa jabeak bertze ziurtagiri bat egitea bere etxebizitza edo lokala alokatu behar duen bakoitzean.
 
Garrantzitsua da jakitea errentamendu-kontratua sinatzera doazenean maizter berriari ziurtagiri hori erakutsi behar zaiola eta haren kopia bat eman maizterrari. Izan ere, jatorrizko ziurtagiria administrazioan erregistratu ondotik, jabeak altxatu behar du; izan ere, geroago, pisua berriz alokatzen badu, beharrezkoa izanen baitu. Hamar urte horiek igarota, etxe-jabeak ziurtagiria berritu beharko du.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun