Nafarroan 2.500 elikagai ekologiko daude, 724 operadorek ziurtatuak. Horien artean, 25 operadore Baztangoak, Bertizaranakoak, Bortzirietakoak, Malerrekakoak, Leitzaldekoak, Urumealdekoak eta Xaretakoak dira. Hainbat produktu ekologiko ekoizten dituzte eskualdean, bertzeak bertze, haragia, gazta, esnekiak, ardo zuria, sagardoa, arrautzak, eztia eta kiwiak.
NNPEK erakundeko ikuskaritzek urtero bisitatzen dituzte ekoizleak Europako araudia betetzen dela bermatzeko. Gainera, ingurumenaren-jardunbide onenei, biodibertsitate-maila handiari, baliabide naturalen babesari eta animalien ongizateari buruzko arau zorrotzak dituzte. Zonaldeko ekoizle eta enpresa guztiak kontsultatzeko sartu www.cpaen.org web orrian.
Erakundearen 25. urteurrena dela eta, irailaren 24tik 26ra Noaingo Zentzumenen Parkean eginen dute ospakizuna, Nafarroako VI. Azoka Ekologikoarekin batera. Egitarau zabala izanen da; erakusketak, ikuskizunak, haurrentzako jarduerak eta jarduera gastronomikoak eginen dituzte guztion gustura. Ekitaldiari buruz informazio gehiago lortzeko, egitarau osoa ikusteko edo azokan erakustoki bat paratu nahi baduzu, egin klik hemen.