Baztan-Bidasoko merkataritza babesteko eta indartzeko plana gauzatzen hasiko dira

Ttipi-Ttapa 2021ko ira. 15a, 15:00
Ezker-eskuin: Itxaso Aleman (Cederna Garalur), Felipe Saragueta (Denok Bat), Leire Ortuoste (Doneztebeko alkatea) eta Gorka Goikoetxea (Ikertalde), asteazken goizean Doneztebeko Herriko Etxean egindako aurkezpenean.

Sektorearen diagnostikoa egiten hasiko dira hamazazpi herritan eta Nafarroako Gobernuak %80an diruz lagunduko du.

Baztan, Bertizarana, Malerreka eta Bortzirietako udalek eskualde mailako Merkataritza Erakartzeko eta Antolatzeko Plana (MEAP) egiteko helburuz hitzarmena sinatu zuten 2020ko urriaren.  Plan hau idazteko laguntza teknikoa kontratatu dute eta diagnostikoa egiteko lanetan hasiko dira ondoko asteetan.  Honetarako Nafarroako Gobernuko finantziazioa %80koa izanen dute. Halaxe jakinarazi dute irailaren 15ean, asteazken goizean, Doneztebeko Herriko Etxean egin duten prentsaurrekoan.

Leire Ortuoste Doneztebeko alkatearekin batera, Felipe Saragueta Denok Bat Federazioko idazkari teknikoa, ikerketa eginen duen Ikertaldeko Gorka Goikoetxea eta Cederna Garalur Garapen Agentziako Itxaso Aleman izan dira aurkezpenean.

Leire Ortuoste Doneztebeko alkateak aipatu duenez, hamazazpi udalek (Arantza, Baztan, Beintza-Labaien, Bera, Bertizarana, Donamaria, Doneztebe, Eratsun, Etxalar, Ezkurra, Igantzi, Ituren, Lesaka, Oiz, Saldias, Urroz eta Zubieta) sinatutako hitzarmenaren bidez gauzatuko da egitasmoa.

Merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu sektorerako estrategikoa izanen da plan hau, baita udalentzat ere, sektore honen antolaketarako. Horren erakusgarri da Tokiko Merkatari Elkarteak batzen dituen Denok bat federazioaren eta Cederna Garalurren babes eta elkarlana.

 

Tokiko komertzioa babestu eta indartzeko helburuarekin abiatutako ikerketa

Denok Bat Federazioko idazkari teknikoa den Felipe Saraguetak aipatu duenez, «lehenbiziko aldia izanen da eskualde mailako horrelako ikerketa bat egiten dela Nafarroan, esperientzia berritzailea da eta beharbada bertze lekuetan ere erabiltzeko modukoa izan daiteke».

Saraguetaren erranetan, «hamazazpi udal hauek ttikizkako merkataritzari buruzko amankomuneko erreflexio bat egin behar dela adostu dute. Herri ttikietako komertzioak arazo handiak izan dituzte hirietan jarri diren merkataritza eremu handiekin eta tokiko komertzio horiek indartzea, babestea eta berritzea da gure kezka eta hori lortzeko udalekin batera lan egitea».

Lau helburu nagusi aipatu ditu Denok Bat Federazioko ordezkariak: «lehenik, merkataritza erabileraren ordenazioa egin eta horretarako irizpide batzuk ezartzea, gero udalek, beraien hirigintza-planetan sartzeko; bertzetik, guzti hau herrietara eraman eta hirigintza-dotazioak hobetzea eta erakargarriagoa egitea; modu berean, tokiko merkataritza ttikiaren eredua babestu eta indartzea, gure eguneroko bizitzan eta izaeran duen garrantzia azpimarratuz eta, azkenik, erakarpen proposamenak egitea».

 

Kontsumitzaileekin inkestak eta merkataritzaren karakterizazioa

Ikerketa lana eginen duen Ikertaldeko Gorka Goikoetxeak adierazi duenez, «esperientzia eta eskarmentua daukagu bai Nafarroan baita EAEn ere gisa honetako planak egiten, baina tokian tokikoak, oraingo hau eskualde mailakoa izanen da, izaera berritzailea dauka eta guretzat erronka polita da».

Metodologikoki, eskualde mailako komertzioa berrindartzeko helburu horretan, eskualdeko kontsumitzaileen kontsumo ohiturak eta dinamikak ezagutu nahi dituzte eta alde horretatik, «agudo hasiko gara herriz herriko inkestak egiten, aste honetan ez bada datorren astean, eskaria aztertzeko. Non erosten den, zer erosten duten, zer baloratzen duten… internet bidez ere parte hartzeko aukera izanen da. Eskualde honetako merkataritza konfigurazioak ere aztertuko ditugu, ekipamenduak, beharrak…».

Eskaintza ere aztertuko dute, merkataritzaren karakterizazioa eginen dute… merkataritza establezimenduetan galdetegiak eginez eta bilerak antolatuz.

Diagnostiko komertziala egin ondotik ekintza-plana diseinatuko dute eta dinamizazio lana eginen dute.

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun