Nafarroako Bertsolari Txapelketa 2021

Nafarroako Bertsolari Txapelketa urriaren 2an abiatuko da Izaban

Ttipi-Ttapa 2021ko ira. 13a, 09:30

Iruñean aurkeztu zuten larunbatean Nafarroako Bertsolari Txapelketa, parte hartzaleekin batera egindako lan saio baten ondotik.

24 bertsolari hasiko dira final-laurdenetako lau saio (bat Donezteben urriaren 16an), finalaurrekoetako hiru (bat Leitzan azaroaren 14an) eta finala azaroaren 28an Iruñeko Anaitasuna kiroldegian jokatuko dituzte.

Ekainaren 18, 19 eta 20an jokatutako hiru aurre-kanporaketen ondotik, hiru fase nagusi izanen ditu 2021eko Nafarroako Bertsolari Txapelketak: final-laurdenak, finalaurrekoak eta finala.  Guztira, 29 parte hartzailek eman dute izena txapelketan, eta 24 izanen dira Izaban hasiko den ibilbidean izanen direnak: ekaineko aurre-kanporaketetan bortz geratu ziren kanpoan.

Saio horietan azken txapelketan –hots, 2019koan- parte hartu gabekoak aritu ziren, hasiberri izan ala aspaldi parte hartutakoak. Haiei, azken txapelketako azken lau sailkatuak gehitu zitzaizkien, saioak osatzeko. Guztira, beraz, hemezortzi bertsolarik jokatu zituzten aurre-kanporaketak, eta horietatik 13 sailkatu ziren txapelketarako. Haiekin batera ariko dira aurrez dagoeneko sailkatuta zeuden bertze 11 bertsolariak.

Lau final-laurden izanen ditu txapelketak, 24 bertsolarirekin. Hortik, 18 sailkatuko dira finalaurrekoetarako. Hiru izanen dira guztira finalaurrekoak, eta hortik zortzi bertsolari pasako dira finalera. Azaroaren 28an jokatuko da hori, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian. Puntu gehien eskuratutako bi bertsolariek buruz burukoa jokatuko dute, eta horietako batek jantziko du txapela.

Aurtengo txapeldunaz gain, hurrengo Bertsolari Txapelketa Nagusian parte hartuko duten Nafarroako bortz ordezkariak hautatuko ditu txapelketak; txapelduna, eta hurrengo lau sailkatuak.

 

Final-laurdenak urriaren 2an Izaban hasita

Final-laurdenetako saioei dagokienez, lehenbizikoa urriaren 2an, larunbatean 17:30ean hasita jokatuko dute Izabako zineman. Julen Zelaieta Iriarte (Bera), Eneko Fernandez Maritxalar (Lesaka), Endika Legarra Nuin, Patxi Castillo Graziarena (Bera), Aitor Irastortza Arrizurieta eta Idoia Granizo Uribarrena ariko dira, Alaitz Rekondo Ferrero gai-jartzaile dutela.

Urriaren 9an, larunbatean 17:30ean Tafallako Kultur Etxean Eneko Lazkoz Martinez, Saioa Alkaiza Guallar, Alazne Untxalo Erregerena (Ituren), Ekhiñe Zapiain Arlegi (Bera), Erika Lagoma Pombar (Lesaka) eta Urko Gartzia Aleman (Lekaroz) ariko dira, Ander Aranburu Arriola gai-jartzaile dutela..

Urriaren 10ean, igandean 17:30ean Zangozako Karmengo Auditorioan Joanes Illarregi Marzol (Leitza), Xabat Illarregi Marzol (Leitza), Sarai Robles Vitas, Xabier Silveira Etxeberria (Lesaka), Mikel Lasarte Cia eta Oier Lakuntza Irigoien ariko dira, Zigor Gartzia Arregi Zian gai-jartzaile dutela.

Urriaren 16an, larunbatean 17:30ean Doneztebeko zineman Julio Soto Ezkurdia gaur egungo txapelduna, Josu Sanjurjo Altzuri (Lesaka), Iker Gorosterrazu Elizagoien (Ituren), Ekain Alegre Gil, Egoitz Gorosterrazu Elizagoien (Ituren) eta Sahats Aleman Sadaba ariko dira, Maialen Belarra Eneterreaga gai-jartzaile dutela.

Finalaurrekoak eta finala azaroan

18 bertsolari sailkatuko dira azaroaren 1ean Altsasun hasiko diren finalaurrekoetarako. Izabako irabazlea eta puntuazioaren arabera sailkatutako bertze bortz bertsolari ariko dira, Fernando Anbustegi Goñi gai-jartzaile dutela. Bigarren finalaurrekoa Berriozarren jokatuko dute azaroaren 6an Tafallako irabazleak eta bertze bortz bertsolarik eta azken finalaurrekoa Leitzako Herri Aretoan izanen da azaroaren 14an, igandean 17:30ean. Azken honetan Zangozako eta Doneztebeko saioetako irabazleak ariko dira, puntuazioaren arabera sailkatutako bertze lau bertsolarirekin, Ainhoa Larretxea Agirre gai-jartzaile dutela. Orduan erabakiko da azaroaren 28an, igandean 17:00etan hasita Iruñeko Anaitasuna kiroldegian jokatuko den finalean lehiatuko den zortzikotea. Alaitz Rekondo Ferrero eta Ander Aranburu Arriola izanen dira finaleko gai-jartzaileak.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun