Doneztebek bakarrik irabazi du futbol talde nagusien artean

Ttipi-Ttapa 2021ko ira. 13a, 07:00
Hirugarren mailako partida jokatu zuten lehen aldiz Mastegin Beti Gaztek eta Anaitasunak. Azkoitiarrak nagusitu ziren, baina markagailuak erakusten duena baino lehia handiagoa izan zen.

Beti Gaztek eta Gure Txokoak galdu egin dute etxean eta Baztanek berdindu kanpoan.

Doneztebe futbol talde nagusiak garaipen garbia lortu zuen larunbatean Beti Casedanoren kontra baina asteburu honetan, futbol talde nagusien artean garaipen bakarra izan zen. Mastegin hirugarren mailako partida baten lekuko izan ziren lehen aldiz, baina ezin izan zuten Beti Gazteren garaipena ospatu. 1-4 galdu zuten Anaitasunaren kontra. Unai Telletxea igantziarra izan da hirugarren mailan Beti Gazteren lehen gola sartu duena. Gure Txokoako talde nagusiak ere galdu egin zuen Matzadan eta Baztanek hutsean berdindu zuen kanpoan. Beti Gazteko jubenilek irabazi egin zuten estreineko partidan.

FUTBOLA

Hirugarren mailan

  • Beti Gazte 1 (Unai Telletxea) – Anaitasuna 4

Nafarroako lehen maila autonomikoa

  • CD Oberena 0 - CD Baztan 0
  • Doneztebe FT 4 (Xabi Erasunek 2, Fermin Estanga eta Borja Arregi) – Beti Casedano 1

Gipuzkoako Gorengoen mailan

  • Gure Txokoa 1 (Jon Etxalar) – Axular Lizeoa 2

Gipuzkoako jubenilen ohorezko mailan

  • Vasconia 1 – Beti Gazte 2 (Asier Larralde eta Unai Arburua)

 

Hirugarren jardunaldiko partida asteazkenean Urdulizen jokatuko du Beti Gaztek

Hogei taldeko multzoan, liga luzea izanen da aurtengoa hirugarren mailako Beti Gazte taldearentzat. Horregatik, jardunaldi batzuk aste tartez ere jokatu beharko ditu. Horietatik lehena aste honetan. Hain zuzen, irailaren 15ean, asteazkenean 19:30ean jokatuko du Urdulizen (Bizkaia). Partida horretarako jokalariekin autobusean joateko eta partidurako sarrera zozketatuko du Beti Gaztek. Horretarako mezua bidali behar da Beti Gazteren WhatsApp zenbakira (696 80 98 86), URDULIZ – IZEN-ABIZENAK jarriz. Zozketa eginen dute eta saridunek 8 euro ordainduta izanen dute autobusa eta sarrera. Gaur 21:00 arte onartuko dituzte izen-emateak eta saridunei WhatsApp bidez jakinaraziko zaie.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun