Uztailean eta abuztuan 15.452 bisitari sartu ziren Bertizen Azken Eguzkilorea erakusketa ikustera

Ttipi-Ttapa 2021ko ira. 10a, 15:00
'Azken eguzkilorea' erakusketak ia 10.000 bisitari izan zituen abuztuan, Bertizko jauregiko erakusketa-aretoan ez ezik kanpoan ere ikusgai izan baitzen. Argazkia: Juan Mari Ondikol

Nafarroako Gobernuko Kultura Departamentua-Vianako Printzea Erakundeak antolatutako Kultur 2021 programazio musikal eta eszenikoa larunbatean bukatu zen. Nafarroa osoan osotara 38 herritan egin dituzte ikuskizunak eta gure lurraldean ere izan du segida. Programaren Azken eguzkilorea arte plastikoen erakusketak 15.452 bisitari izan zituen Bertizko Jaurerrian, uztailean eta abuztuan.

 

Gua-Mia-Bu artistaren Azken eguzkilorea pintura digitalaren erakusketak 15.452 lagunen bisita jaso zuen uztailean eta abuztuan, Bertiz Jaurerriko Lorategi Historiko-Artistikoan. Horietatik, 5.617 bisitari gerturatu ziren uztailean eta 9.835, abuztuan. Elizondon, Zugarramurdin, Lesakan eta Donamarian ere izan dituzte kultur ekitaldiak.

Antolatzaileek adierazi dutenez, «nabarmen» egin du goiti programarako bertaratzeak, iazkoarekin alderatuta, batez ere Azken Eguzkilorea erakusketan. Horren arrazoia honako  hau da: bere publikoa bost aldiz biderkatu dela, obrak lorategi historiko-artistikoko hainbat puntutan banatu zirelako, Bertiz Jaurerriko jauregiko erakusketa-aretoaz gain.

Antolatzaileek kontzertuetan ikusleen «jarrera egokia» azpimarratu dute, baita programa osasun eskakizunetara behar bezala egokitu izana ere.

Bertzalde, aurten soilik formatu digitala erabili da egitarauaren liburuxka zabaltzeko, paperezko formatua alde batera utzita. Ekimenak 1.000 deskarga baino gehiago lortu ditu Nafarroako Kultura Departamentuaren webgunetik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun