Euskadiko hirugarren mailako aizkora txapelketako bigarren kanporaketa jokatu zuten igandean Mungian (Bizkaia). Bederatzi aizkolari aritu ziren lehian, tartean Beintza-Labaiengo Jon Telletxea eta Berako Oier Larretxea. Finalerako bi txartel zeuden jokoan eta ez batak ez bertzeak ez zuten lortu. Xuban Kañamares izan zen onena eta berekin batera, Andoni Iruretagoiena gipuzkoarra izanen da finalean.
Kañamaresek 9 minutu eta 56 segundo behar izan zituen lau kanaerdikoak mozteko eta ongi nagusitu zen. Bigarren posturako (eta finalerako bigarren txartela lortzeko) lehia estua izan zuten Andoni Iruretagoienak eta Aritz Irazabal bizkaitarrak, baina bortz segundorengatik nagusi izan zen gipuzkoarra (10.39 eta 10.44, hurrenez hurren). Ez zen urrun ibili Beintza-Labaiengo Jon Telletxea (10.59). Bosgarren postua Goizeder Belzak lortu zuen (12.04), seigarrena Unai Zabalak (13.59), zazpigarrena Urtzi Olasagastik (14.30), zortzigarrena Oier Larretxea beratarrak (14.51) eta bederatzigarrena Daniel Lopezek (15.26).
Laister hirugarren kanporaketa ere eginen dute.