Kirola segurtasunez egiteko kanpaina abiatu du Nafarroako Gobernuak

Ttipi-Ttapa 2021ko ira. 7a, 13:00

Gaur Bai komunikazio-kanpaina gauzatuko dute hurrengo asteetan, jendea kirola egitera bultzatzeko helburuarekin.

Nafarroako Kirolaren Institutuak Gaur Bai kanpaina abiatu du, herritarrek kirola segurtasunez eta modu arduratsuan egin dezaten eta kirolak osasun eta ongizatean dituen onurak erakusteko. «Azkenaldian pandemiak sortu dituen egoerak eta erronkak gainditzeko kirola egitea ezinbestekoa dela» adierazi dute, eta pandemiaren aurka ezarritako babes neurriak betetzea beharrezkoa dela, bai kirol bakoitzari dagozkionak, bai esparruari lotutakoak ere.

Gaur Bai lemarekin jendea jarduera fisikoa egitera animatu nahi dute, eta «uneren batean kirola egin dutenak edo kirola egin nahi dutenak identifikatutako sentituko dira». Irailean zabalduko da kanpaina, entitate publikoen eta pribatuen kirol jardueren hasierarekin batera. Institutuak adierazi duenez, kirola egiten duen jendearen kopurua nabarmen handitu da azken urteetan, «2017an gizonezkoen % 69k eta emakumezkoen % 60,1k egiten zuten jarduera fisikoren bat, 2020an, berriz, gizonezkoen % 82,9k eta emakumezkoen % 78k egiten du kirola».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun