Eskualdeko kirolariak bikain ibili dira Azagrako Ipar Martxa proban

Ttipi-Ttapa 2021ko ira. 6a, 13:00

Kategoria batean baino gehiagotan podioan izan ziren Ttuku-Ttuku taldeko emakumeak.

120 kirolari baino gehiago bildu ziren igande goizean Azagran, Pablo Ariza zenaren omenez egindako bigarren ipar martxa proban. Horietako batzuk Espainiako Koparako baliagarria zen proban lehiatu ziren eta bertzeak proba irekian. Eskualdeko kirolariak ere baziren tartean, Ttuku-Ttuko taldekoak eta Beti Gaztekoak eta podiora igo ziren horietako batzuk.

Honela, Espainiako koparako baliagarria zen proban aritu zirenen artean, Ttuku-Ttuku taldeko Ainara Unanua elizondoarra hirugarren izan zen emakumezkoen senior kategorian eta Beti Gazteko Alejandro Ordoki bosgarren C mailako gizonezko beteranoetan. Elizondon bizi den Jon Medrano laugarren izan zen sailkapen orokorrean eta bigarren gizonezkoen senior mailan.

Txapelketa irekian podioan

Txapelketa irekian, sailkapen orokorrean bosgarren izan zen Ttuku-Ttuku taldeko Amaia Odriozola donamariatarra eta emakumezkoen senior kategorian bigarren izan zenez, podiora igo zen.

60 urtetik goitiko emakumeen Master B kategoriako podioko lehen bi koxkak Ttuku-Ttuku taldeko Mari Atxa eta Bego Arizmendirentzat izan ziren.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun