Foruzainek beroarekin ia itota zegoen zakur bat atera dute ehiztari baten autotik Oronozen

Ttipi-Ttapa 2021ko ira. 5a, 11:15
«Arduragabekeria eta zakurraren bizia arriskuan jartzeagatik» salaketa jarri zioten jabeari.

Foruzaingoaren prentsa oharrean zehazten denez, herritar batek deitu zien abisatuz ehiztariek zakurrak eramateko erabiltzen duten kutxa baten barnean, eguzkitan, ia itota zegoen zakur bat zegoela. Kanpoan 30 graduko tenperatura zegoen eta jabeari «arduragabekeria eta zakurraren bizia arriskuan jartzeagatik» salaketa jarri diote.

 
Elizondoko patruila batek ibilgailu baten atoian abandonatu zuten zakur deshidratatu bat erreskatatu zuen atzo Oronozen. Herritar batek deitua zien abisatuz Oronozen bazegoela ehiztariek zakurrak eramateko erabiltzen duten kutxa baten barnean zakur bat, eta zegoen bezala egonik, haren bizia arriskuan zegoela. Foruzainek egiaztatu zuten zakurra aireztapen eskaseko kaiola baten barnean zegoela eta 30 graduko tenperaturan zegoela kanpoan. Animaliak erantzuten ez zuela ikusita, kaiola ireki zuten.
 
Barnean ehiza-zakur bat zegoen, deshidratatua eta beroarekin ia itoa. Kaiolatik atera eta freskatzen hasi ziren urarekin bustiz eta edatera ematen saiatuz. Hasieran ez omen zuen bizi seinalerik ematen baina, handik gutira, bizkortzen eta indarberritzen hasi omen zen.
 
Zakurraren jabea agertu zenean, aitortu zuen ehizian ibilia zela eta, gero, itzuli zenean, ibilgailua itzalean utzi zuela. Foruzainek jakinarazi zioten salaketa jarriko ziotela konpainiako animaliei buruzko 19/2019 Foru Legeari egindako balizko urratze baten ondorioz, arduragabekeria larri bat egon zitekeelako eta zakurraren bizia arriskuan jartzeko moduan utzi zuelako kaiolaren barnean eguzkitan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun