Ikasturte hasierako iraileko malda leuntzeko aholku sorta

Mirari Martiarena 2021ko ira. 5a, 09:00

Jarduera fisikoaren onurak ez dira gorputzarentzat bakarrik izaten, buruari ere aunitz laguntzen baitio.

Urtarrileko maldari buruz aunitz hitz egiten da urtea hasi berria denean, baina iraileko malda ez da aunitzez hobea izaten. Egia da udako oporretatik bueltan izan ohi garela gehienak eta aiseago moldatzen garela udazkenaren atarian. Oraindik ere egunak luzeak izaten direlako argi aldetik, seguruenik udan baino eguraldi hobea egiten duelako eta gauza berriak egiteko zein hasteko gogotsu egoten garelako. Iraila, barealdiaren ondorengo ekaitza dela erran daiteke, urtarrileko asmo berriak berriz ere mahai gainean jartzen dugun tenorea. Aitortu, zuk ere ahantziak zenituen urte hasieran bazenituela asmo eta helburu berriak eta irailak aurrez aurre jarri dizkizu berriz. Badira bizi osoa oporretan pasako luketen pertsonak, baina gehiago edo gutxiago, errutina denoi etortzen zaigu ongi. Egunerokoan ez galtzen laguntzen du eta pixkanaka denak itzuliko gara geure eguneroko zereginetara.

Hasierak

Ikasgeletarako bidean, motxila bizkarrean hartuta izanen dira haur eta gazteak, egokitzapen garaia denentzat, bereziki ttikienentzat eta euren gurasoentzat. Batzuk abesten joanen dira hezitzaileen besoetara, beste batzuk negar zotinka eta mukiak zintzilik, eta egunak pasa ahala bihurtuko dira malkoak irribarre. Zikinduta amaituko duten mantal dotoreak soinean jantzita batzuk, koaderno eta liburu berriekin bertzeak eta anai-arreba edo lehengusu zaharrenak herentzian hartutakoak izan dira bertze hainbat. Motxila betetzeko batzuk nahikoa izaten dute koadernoa, arkatza eta boligrafoarekin, bertzeek azpimarratzekoak, kolore desberdinetako errotulagailuak, margoak… behar izaten dituzte. Bide horretan lagundu eta ikasgelara prest joateko, beharrezko eskola-material guztia eskualdeko komertzioetan izanen dute eskura.

 

Kudeaketa

Ikasturte berri baten aurrean garrantzitsua da antolatzea eta denbora kudeatzea. Hasieran, lanik handiena liburuak forratzea izaten da. Lan hau gurasoek hartu ohi dute haurrak txikiak direnean, adinean aurrera egin ahala norberak egiten dituen arte. Kalkulatu liburuak ez hondatzeko plastikoa jartzeak asteburu oso bat kenduko dizula eta lasai, pasako duzun denbora guztiaren ondoren ez dira ongi geratuko, beraz ez frustratu. Hori izango da kudeatzen ikasiko duzun ikasturteko lehen oztopoa. Behin hori eginda, agendak lagunduko dizu zure egunerokoan. Antolatu, planifikatu eta saiatu agendan apuntatzen hori ahalik eta zuzenen betetzen. Lehentasunak zein izanen diren argi edukitzea garrantzitsua da. Eskolatik bidalitako etxerako lanak, eskolaz kanpoko ekintzak edo bestelako aisialdiaz gozatzeko denbora nola kudeatuko duzun jakitea.   

 

Kirola

Norbere burua zaintzeko modu desberdinak izaten ditugu. Pertsona hainbeste gustu eta zaletasun daudelako. Horregatik norbere buruaren zaintzak izan behar du lehentasuna. Aukera ona izaten da, irailean berriz ere kirol jarduerei modu jarraitu batean ekiteko. Jarduera fisikoaren onurak ez dira gorputzarentzat bakarrik izaten, buruari ere aunitz laguntzen baitio. Eskualdeko kiroldegi eta kirol zentroetan lagunduko dizute zuretzat egokiena den jarduera fisikoa aukeratzen, hasieran gorputza gogortuta egotea normala da, oporretatik zatoz eta badakigu oporretan sasoi puntua galtzea erraza dela. Lehenengo bi asteetan izerdi tanta potoloak botako dituzu, baina ondoren gorputza ohitzen joanen da gustura prestatuko duzu kiroldegira joateko motxila. 

 

Barne lasaitasuna

Lanean edo errutinaren gurpil zoroan sartzea oso gauza erraza da. Gaua iritsi eta ohatzean oraindik ere egiteko ditugun gauzekin ibiltzen gara aunitzetan buruan bueltaka. Horregatik da garrantzitsua pentsamenduak lasaitzea eta erlaxatzen ikastea. Intentsitate desberdinetako kirola edo jarduera fisikoak lagundu diezazuke barne lasaitasuna lortzen. Baina, badaude hori lortzeko beste modu batzuk, yoga edo meditazioa adibidez. Egunean minutu batzuk aski izaten dira barne lasaitasuna lortzeko, hau ere ikasi eta entrenatu egin liteke. Hemen eta orain bizitzearen garrantziaz konturatuko zara eta egunerokoaren zama arinagoa izanen da. Lo ongi egitea ere garrantzitsua izaten da, horregatik adituek zortzi orduko loa egiten saiatzea aholkatzen dute.

 

Udazkeneko astenia

Irailaren 21aren bueltan sartuko gara udazkenean eta horrek ekartzen du berarekin astenia. Neke, ahultasun eta apatia egoera da udazkeneko astenia. Organismoak urtaro aldaketetara egokitzeko dituen zailtasunen ondorioz sortzen dena. Udazkeneko asteniaren kasuan, ohiko eta ordu aldaketak, argi-ordu gutxiago eta tenperaturen jaitsiera sartzen dira. Sintomak larriak ez diren arren, gure bizi-kalitateari eragin diezaiokete, gure energia, motibazioa eta errendimendua murrizten baititu ikasketetan edo lanean, eta aldarte aldaketak ere eragin ditzake. Dieta osasuntsua, jarduera fisikoa, lo ongi egitea eta ahal dela eguzkia hartu edo aire librean egoteak lagunduko dizu urtaro aldaketak ekartzen duen egoera berezi honi aurre egiten.

 

Hizkuntzak

Eskolan laguntza behar dutelako ematen dute askok izena hizkuntza eskola eta akademietan. Bai, egia da horretarako ongi etortzen dela laguntza hori edo lanen bat lortzeko eskatzen diguten titulua lortzen prestatzeko. Baina jarri zure azken oporrei begira. Atzerrian izan zara eta zure ustezko ingeles perfektuaren pronuntiation-a ez du inork ulertu. Opor guztiak pasa zenituen zeinu bidez behar zenuen hori eskatu nahian. Hori seinale bat da: ingelesa herdoilduta duzu. Eskolan atzerriko hizkuntzetan ateratako nota on haietatik urrun dago zure maila. Beraz utzi aitzakiak eta eman izena gertuen geratzen zaizun akademian, eskualdean aukera aunitz duzu. Eurak esango dizute nondik hasi eta hurrengo oporraldirako ez duzu estres linguistikorik izango. Ingelesa edo bertze edozein hizkuntza ikasteko aukera duzu kurtso hasiera honetan.

 

Berrikuntzak

'Ikasteko inoiz ez da berandu' bezalako esaerek zentzua har dezakete ikasturte honen hasieran. Askotan inertziek betikoa egitera eramaten dute pertsona bat, baina geure buruari galdetuz gero ‘zer egin nahi dut?’ edo ‘zer ikasiko nuke gustura?’ edo ‘zertara ez naiz ausartu, baino probatuko nuke?’ Beti daude erantzunak eta beti dago gure nahietara egokitutako eskaintzaren bat eskualdean. Seguru badela oraindik denbora faltagatik, aukerarik ez duzulako izan edo bertze aitzakiaren batengatik egiteko eta ikasteko geratzen zaizun hori. Gauza berriek beti pizten dute ilusioa eta agian hori da aurten behar duzuna. Talde berri batean hasteak ere izan liteke motibazio iturri, jende berria ezagutuz eta plan desberdinak egiteko aprobetxatu. Berrikuntzek beti ematen diote bizipoza egunerokoari eta agian hori da kurtso hasiera honetan behar duzuna.

 

Neurria hartu

Iraila izaten da gauza askoren hasiera. Helburu, zeregin eta asmo desberdinak aipatu ditugu orain arte. Pertsona beste bizimodu daude, bizimodu beste pertsona. Eskolan hasiko direnak, kirola egiten hasiko direnak, meditatzen ikasiko dutenak, hizkuntzak freskatzen hasiko direnak, gauza berriak egiten eta sortzen hasiko direnak edo dena batera egingo dutenak. Gakoa beti neurria hartzea izaten da, hasi baino lehen ez itotzeko. Ez jarri presiorik zeure buruari, irailean hasi beharrean urrian edo azaroan hasten bazara ere ez dio inporta. Egiten duzuna hori ilusioz, umorez eta gustura egiten duzun bitartean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun