Bidasoko Bide Berdea da txirrindulariek gehien erabiltzen dutena Nafarroan

Ttipi-Ttapa 2021ko ira. 2a, 20:00

Bidasoko Bide Berdean ateratako argazkia.

Oinezkoen eta txirrindularien ugaritasuna nabarmen handitu da aurten Nafarroako leku enblematikoetan. Amaiur da oinezkoen artean gehien aukeratutako helmugetako bat

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiak oinezko eta bizikleten kontagailuak jarri ditu Nafarroako toki turistiko enblematikoetan eta emandako datuen arabera, baliabide turistikoetara eta Nafarroan egindako ibilbideetara joateko joera berreskuratzen ari da.

2021eko urtarriletik abuztura, 31.299 lagun ibili dira bizikletarekin leku enblematikoren batean. 2020an 27.071 izan ziren eta 2019an 22.811, beraz, gorakada nabarmena izan da. Oinezkoen berreskuratzea ere garrantzitsua da; 2019an 467.566 ziren oinezkoak, 2020an 293.498 eta 2021ean %25 berreskuratu ziren, 364.680 oinezkorekin.

Bizikletan ibiltzeko leku enblematiko hauen artean, Bidasoko Bide Berdea izan da bisitatuena, 10.326 lagunekin. Bigarrena Arlabaneko mendatetik Lizarrara doan Bide Berdea izan da, 6.078 txirrindularirekin eta hirugarrena Tarazonikako Bide Berdea, Tutera eta Tarazona lotzen dituena, 3.491 lagunekin. Aipatzekoa da ere Plazaolako Bide Berdeak izandako jendetza Irurtzungo (2.809 pertsona) eta Lekunberriko (2.314 lagun) tarteetan.

Oinezkoen artean, Irunberriko Arroila (93.416 bisitarirekin), Urederrako Iturburua (56.567 lagunekin) eta Amaiur (28.393 bisitarirekin) izan dira aurten gehien aukeratu dituzten helmugak.

Bide berdeen artean, Bidasokoa da aukeratuena oinezkoen artean ere (28.974 bisitari), eta Plazaolakoa da bigarren (20.711 lagun Irurtzundik eta 15.681 Lekunberritik).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun