ArcelorMittaleko lantegiak bisitatu ditu Mikel Irujo kontseilariak

Ttipi-Ttapa 2021ko ira. 2a, 08:00
Nafarroako Gobernuko ordezkariak eta ArcelorMittalekoak, Lesakako lantegiaren atarian.

Garapen industrial jasangarriaren garrantzia azpimarratu du Lesakan, Legasan eta Berriobeitin. Hiru lantegien artean, 310 langilek egiten dute lan gaur egun: 262 langilek Lesakako eta Legasako lantegietan eta 48 langilek Berriobeitikoan.

Mikel Irujo, Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariak, ArcelorMittal enpresak Nafarroan dituen instalazioak bisitatu zituen irailaren 1ean: Lesakan, Legasan eta Berriobeitin, bertan 310 pertsonek egiten dute lan. Bisitan, Izaskun Goñi, Enpresa Politikako Nazioarteko Proiekzioko zein Laneko zuzendari nagusiak, Carlos Fernández, Nafarroako Enpresarien Konfederazioko idazkariak  hartu zuten parte eta Country Manager ArcelorMittaleko Jesus Izcuek egin zien harrera.  

Irujo kontseilariak nabarmendu zuenez, «etorkizuneko industria-garapena jasangarria izanen da, edo ez da izanen. ArcelorMittal-ek lurraldearen garapen ekonomiko eta sozialarekin duen konpromisoa argi geratzen da Nafarroako hiru lantegietan mantendu dituen 310 lanpostuekin, %100ean ari baitira lanean, eta horrek aukera ematen du Nafarroako ekoizpen-sarearen lehiakortasuna indartzeko, gizartearen, ingurumenaren eta lurraldearen jasangarritasunaren ikuspegitik».

Jesus Izcuek, ArcelorMittaleko ordezkariak, bere aldetik, eboresa segurtasunarekin eta lan-osasunarekin konprometitua dagoela nabarmendu zuen eta produktibitatean eta konpetibitatean etengabean lanean ari direla.

Lantegiaren barrenean ere izan ziren.

 

262 langile Lesaka eta Legasa artean, 48 Berriobeitin

ArcelorMittalek hiru negozio-lerro ditu Nafarroan: Galbanizatuan, margoketan eta elektrozinkatuan 208 langile ari dira Lesaka eta Legasako instalazioetan; AMDS (ArcelorMittal Distribution Solutions), Altzairuaren Zerbitzuen Zentroan 54 langile ari dira Legasan eta eraikuntza sektorerako altzairua egiten 48 langile Berriobeitin. Hain zuzen, azken honetatik atera da Iruñeko Sadar futbol zelaiaren estaldurarako materiala, baina baita Donostiako Anoeta, Madrilgo Santiago Bernabeu, Bartzelonako ARCDE Stadium, Kadizko Ramon de Carranza edo Vigoko Balaídos estadioena ere.

Sadarreko estaldura Berriobeitiko ArcelorMittal lantegitik atera da.

ArcelorMittal Lesaka, Lesaka eta Legasan dituen bi instalazioekin, gaur egun ArcelorMittalen produktu aurrelakatuen erreferentzia-zentroa da estatu osoan, eta 250.000 tona xafla galbanizatu eta pintatu prozesatzeko gaitasuna du.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun