Malerrekako eta Bortzirietako IKA euskaltegietan izena emateko epea zabalik da

Ttipi-Ttapa 2021ko ira. 1a, 13:00

Urtero bezala, gaurtik hasita eta irailaren 30era arte Doneztebe eta Lesakako euskaltegietan izena emateko epea ireki dute. Irailaren 16an matrikulazio kanpaina sustatzeko ekitaldia eginen dute Lesakako Harriondoan Mikel Taberna idazlearekin.

Ikasturte berria hasiko da irailean eta honekin batera erronka berriak planteatzeko unea. Euskara ikasteari ekitea, orain arte ikasitakoa finkatzea eta lortutako maila hobetzea erronka pozgarriak izan daitezke eta horretan esperientzia handia daukate Bortzirietako eta Malerrekako euskaltegiek, maila guztietako ikastaroak eskaintzen baitituzte. Informazioa lortu edo matrikulazioa egin nahi baduzu, deitu 948 63 77 96 edo 948 45 17 46 telefonoetara.

Gainera, Bortzirietako Euskara Mankomunitateak euskara sustatzea du helburu, eta euskara ikasteko %100eko dirulaguntza emanen diete Arantzan, Beran, Etxalarren, Igantzin eta Lesakan erroldatutako 16 urtetik goitiko herritarrei, beti ere asistentzia %85etik goitiko denean. Asistentzia %50 eta %85 bitartekoa denean %75 ordainduko zaie eta ez dute dirulaguntzarik jasoko klase erdietara baino guttiago joaten direnek. Malerrekan ere osorik ordainduko diete matrikula %86 eta %100 arteko asistentzia ziurtatzen dutenei, matrikularen %75 ordainduko diete %70 eta %85 arteko asistentzia dutenei eta ez dute dirulaguntzarik jasoko %69 edo guttiagoko asistentzia dutenek. Dirulaguntzei buruzko informazio gehiago Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen eta Malerrekako Mankomunitatearen webgunean topa daiteke.

 

Matrikulazio kanpaina sustatzeko ekitaldia Lesakan

Irailaren 16an, ortzegunarekin, Lesakako Harriondoan Arkanbele kantak: poema errezitaldi musikatua eta irudiz lagundua ekitaldia antolatu dute Bortzirietako Euskaltegiak eta Euskara Mankomunitateak. Bertan, Mikel Tabernak bere azken liburuko olerkiak errezitatuko ditu, Joseba Irazoki eta Oier Fuentesen laguntzarekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun