Eskualdeko artzain eta gasnagileak protagonista izan dira Uharte-Arakilen

Ttipi-Ttapa 2021ko abu. 30a, 11:00

Urdazubiko Etxelekuko gasna eta Oronoz-Mugairiko Jorge Oteiza eta Lagun zakurrak garaile suertatu dira Artzain Egunaren 53. edizioan

Artzain Egunaren 53. edizioa ospatu zuten abuztuaren 29an Uharte Arakilen eta eskualdeko artzain eta gasnagileek protagonismo handia izan dute. Gazta lehiaketan, Urdazubiko Etxelekukoa izan zen irabazle eta artzain zakur lehiaketan, Oronoz-Mugairiko Jorge Oteiza artzaina eta Lagun bere zakurra. Gainera, Artzain Eguneko antolaketak omenaldia eskaini zion berriki hildako Joxe Mari Istllart artzain amaiurtarrari.

Gasna onena Urdazubiko Etxelekukoa

Igande goizean jokatu zen Nafarroako ardi latxen esne gordinarekin egindako gazta lehiaketara 23 gaztagile aurkeztu ziren. Horien artean, Urdazubiko Etxelekuko Bengotxea-Lastiritarrek lortu zuten lehen saria. Ana Mari Bengotxeak eta Xuban bere semeak jaso zuten saria: «Lehen aldia da txapeldun suertatu garela, bertze urtetan bigarren eta hirugarren izan gara». 30 urte baino gehiago daramazkite gasna egiten eta 500 bat ardi dituzte horretarako. Eskualdeko gasna gehiago ere izan ziren ohorezko postuetan: Orabideko Kortariko Infernuko gasna laugarren izan zen eta Lesakako Agorlekukoa bosgarren.

 

Jorge Oteiza eta Lagun garaile artzain zakur lehiaketan

Igande arratsaldean egindako Artzain Zakur lehiaketaren 53. Edizioan, berriz, Oronoz-Mugairiko Jorge Oteiza artzaina eta Lagun zakurra suertatu ziren garaile. Hirugarren aldiz lortu du garaipena Oteizak Uharte Arakilen, baina aitzineko bi garaipenak urrun geldituak ziren, 2001 eta 2002an. Bigarren postuan Aritz Ganboa eta Txistu zakurra sailkatu ziren eta hirugarrenean Jexux Razkin, Mendi-rekin. Aipatzekoa da Antonio Alustiza aresoarra bi zakurrekin aritu zela. Laugarren postua lortu zuen Aske-rekin eta bosgarrena Ttiki-rekin.

 

Joxe Mari Istilart amaiurtarra omendua

Uharte Arakilgo Geinbera zelaian artzainen eta zakurren lanaz gozatzeaz gain, omenaldirako tartea ere izan zen. Antolatzaileek berriki hildako Joxe Mari Istilart Amaiurko artzaina gogoratu nahi izan zuten. Hainbat txapelketetan parte hartu zuen Istilartek eta bere emazteak eta seme-alabek margolana jaso zuten oroigarritzat.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun