Banku iruzur berri baten berri eman du Foruzaingoak

Ttipi-Ttapa 2021ko abu. 21a, 15:00

Iruzurra hasten da biktimak bere sakelako telefonoan SMS mezu bat hartzen duenean bere banku-kontuan erabilera susmagarri bat dagoela ohartarazteko, eta banketxekoa dela simulatzen duen webgune baterako esteka baten bidez egiaztatzeko aukera ematen dutenean. Berehala iruzurgileek bankuaren egiazko telefono zenbaki batetik deitzen dutela irudikatzen dute biktimaren egiaztatze-kodeak lortzeko.

Ordezko teknika hori erabiliz (phising), biktimak bere erabiltzaile-zenbakia eta PINa sartzea lortzen dute gaizkileek, eta, beraz, libre dute biktimaren banku-kontua nahi bezala erabiltzeko.

Gainera, bankuaren segurtasun sistemak egiaztapen bikoitzeko segurtasun-elementu bat izanez gero, (konparaziora, klabe bat duen SMS bat jasotzea), gaizkileek biktimei deitzen diete banketxeko bezeroarentzako arreta-zerbitzua dela simulatuz. Spoofing izeneko teknika bati esker, biktimaren pantailan bere bankuak bezeroarentzako arreta-zerbitzuaren benetako zenbakia agertzea lortzen dute, eta, ondotik, telefonoan jasotako egiaztatze-kodeak eskatzen dituzte.

Foruzaingoak gomendatzen du SMS bidez hartzen diren esteketara ez sartzea eta kasu ematea bide horretatik norberaren kontura sartzea eskatzen duten mezuekin. Norbaitek bere kontuan zerbait arraroa gertatzen ari ote den egiaztatu nahi izanez gero, sukurtsal batera joan behar du edo bankuaren web ofizialaren bitartez sartu bere kontura.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun