Aisialdia, formakuntza eta borroka uztartuz, «eskualdeko gazteok elkar ezagutu, gure proiektuen berri izan eta etorkizunera begira aliantzak egin eta lanean jarraitzeko baldintzak sortzea du helburu dinamikak. Gazteok mugitzen gaituzten gaiak, problematikak, eztabaidak, borrokak eta ezinegonak mahaigaineratu eta hauei buruz hitz egin eta hausnartuko dugu».
Dinamika eskualdeko gaztetxe, gazte asanblada, talde feminista eta bertzelako taldeei zuzenduta dago, baita norbanakoari ere, «gure munduari buelta eman nahi diogun gazte guztiok osatzen dugulako gazte mugimendua».
Doneztebetik Arantzara eginen duten gazte martxaren egitaraua ere aurkeztu dute, abuztuaren 28an eta 29an izanen dena. Larunbat goizean Donezteben elkartuko dira Altsasuko auzian prozesatutako bi gazteren esperientzia aditzeko. Ondoren, martxari ekingo diote, bidean bakoitzak etxetik ekarritako bazkaria jateko tartea hartuz. Arratsaldean Arantzan tailer, mahai-inguru eta jokoak eginen dituzte. Gauean afaria emanen dute, eskualdeko bakarlari batek girotua.
Igandean eskualdeari buruz hausnartuko dute Ta Mendialdean zer? mahai-inguruan eta itxiera ekitaldia eginen dute ondotik. Akitzeko, gazte bazkaria antolatuko dute eta kontzertu batekin amaituko dute dinamikaren asteburu-pasa. Bertan parte hartzeko, salgai jarriko dituzte txartelak laster.
Hala ere, «dinamika ez da hemen bukatuko. Behin asteburua pasata, ikaspenak motxilan gorde eta proiektu berriak sortzea, esperientzia berrietan murgiltzea eta gure eskualdea astintzen jarraitzea tokatuko zaigu». Dinamikan parte hartzeko gonbidapena luzatu diete eskualdeko gazte guztiei, asteburu-pasara joanez edo antolakuntzan lagunduz, «gazte mugimenduak desio dugun loraldia bizi dezan».