'Landa Iraunkortasuna' proiektuaren aurrerapenak aurkeztu dituzte Nafarroako tokiko ekintzarako taldeek

Ttipi-Ttapa 2021ko abu. 18a, 17:00

David Labeaga (Teder), Sergio Etxarte (Erdialde) eta Nahikari Uriarte (Cederna Garalur) Erriberrin emandako presntsaurrekoan.

Nafarroako Erdialdeko, Estellerriko eta Mendialdeko taldeek landa-eremuen eraginkortasun energetikoa sustatzeko ekintzak aurkeztu dituzte.

2020ko uztailetik ari dira Cederna Garalur (Mendialdea), Teder (Estellerria) eta Erdialdea proiektu berri honetan lanean eta irailean amaituko dute. Hiru entitateek aholkularitza-lanak egin dituzte landa-eremuetan energia aurrezteko, eraginkortasuna bermatzeko eta ingurumena hobetzeko.

Herritarrek eta toki-entitateek gero eta interes handiagoa dute informazioa bildu eta laguntza teknikoa eskatzeko, horrela «energia berriztagarrien aldeko proiektuak eta energia aurrezteko formulak aurrera eramateko» eta oinarrizko kontuak ulertzeko, «hala nola, faktura elektrikoa nola irakurri». 300 pertsona baino gehiagok jo dute zerbitzu hauetara, «autokontsumoko instalazio fotovoltaikoak ezartzeari buruz edo elektrizitate-kontratuak ulertzeko». Gainera, 180 azterlan baino gehiago egin dituzte eraikin eta instalazio publikoetan energia-eraginkortasuna hobetzeko.

Herritarren parte hartzea «funtsezkoa» dela adierazi dute, «herritarrengana iristeko orduan eraginkorragoak izateko eta energia-eraginkortasunerako irtenbideak ezartzeko». Horretarako, hitzaldiak antolatu dituzte hainbat herritan eta aholkularitza pertsonalizatua ere eskaini dute, Nafarroako Mendialdearen kasuan, tokiko ekintzarako taldeen bidez eta udalekin lankidetzan. Klima eta Energiaren aldeko Alkateen Itunera atxikitako udalei energia-aholkularitza eman zaie, eta Nasuvinsak koordinatzen duen proiektua honi entitate berriak gehitu zaizkio; 25 atxikimendu Erdialdean, 43 Estellerrian eta 71 Mendialdean.

Komunikazio kanpaina bat ere garatu dute, «energiari buruzko aholkuak ematen iragarki laburren bidez irratian eta bannerren bidez sare sozialetan». Lehiaketa bat ere abiatu dute, herritarrek aurrezteko gomendioak partekatu ditzaten #SostenibilidadZM, #SostenibilidadCG eta #SostenibilidadTeder hashtagak erabiliz. Abuztuaren 31ra arte, parte hartzaileak mugikorra kargatzeko eguzki-kargagailu baten zozketan sartuko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun