Ongi aritu dira Baztan-Bidasoko txirrindulariak Euskal Bailarak Kriteriumean

Ttipi-Ttapa 2021ko abu. 18a, 14:00

Diego Uriarte (Lizarte), IƱaki Irazoki (Baztandarra) eta Mikel Irigoien (Hostal Latorre). Artxiboko irudia.

Abuztuaren 15ean, igandean, aurtengo txirrindularitza txapelketa hasi zen eta astearte arte, hiru proba egin dituzte parte hartzaileek hiru egunetan.

Euskal Bailarak Kriteriumaren bigarren edizioa egin dute aurten Amurrion, Aretxabaletan eta Laudion. Euskal Herriko eta bertze herrialdetako 200 txirrindularik parte hartu dute bertan eta Calum Johnston britaniarra izan da garaile.

Eskualdeko txirrindulariek ere lan polita egin dute bertan. Lehenbiziko jardunaldian, Amurrioko proban, Iñaki Irazoki (TEAM XE) elizondoarra lehenbiziko taldearekin sartu zen, garailearen denbora berdinean. Mikel Irigoien (Hostal Latorre) beratarrak, erori izan arren, lasterketa bukatzea lortu zuen Mikel Lizasoain (Ciclismo Riojano) donamariarrarekin batera.

Astelehenean, Aretxabaletan, Irazokik berriz ere onenen taldean sartzea lortu zuen eta garaipenaren lehian ibili zen azken esprintean. Irigoien eta Lizasoainez gain, Diego Uriarte (Lizarte) erratzuarrak ere bukatzea lortu zuen. Azken proban, Laudion, Euskal Bailarak Kriteriumeko azken 700 metrotan erabaki zen irabazlea %11ko portzentaian. Iñaki Irazokik Top 25ean sartzea lortu du. Zorionak mutilak!

Proba polit bezain gogorrak

2019an egin zuten lehenengoz Euskal Bailarak Kriteriuma, eta joan den urtean antolatu ezin izan bazuten ere, aurten gogotsu bueltatu da II. edizioa. Hiru egun, hiru herri eta hiru proba izan ditu txapelketak eta 200 txirrindulari inguruk parte hartu dute bertan.

Igandean hasi zen lehiaketa; LXVII. Aiala Zirkuitua egin zuten Amurrion. 20 kilometroko ibilbide bati sei itzuli eman zioten eta zazpigarrena bertze leku batetik egin zuten irabazlea erabakitzeko, 134,5 km guztira. Arjeliako Selekzioko Yazine Hamza txirrindulari aljeriarra izan zen txapelduna lehenbiziko etapa honetan.

Astelehenean LXXXII. Leintz Bailarako Itzulia izan zen Aretxabaletan, 115 kilometroko itzulia Gatzagako mendatearen igoera eta jaitsierarekin (628 m) azken tartean. Rural Kutxako Calum Johnston britainiarrak lortu zuen garaipena bigarren etapan.

Asteartean XXXI. Laudio Saria jokatu zuten Laudion, 133 kilometroko itzulia. Garateko muinoa du punturik altuena, 279 metroko altuerarekin eta %5,9ko maldarekin. Rural Kutxako Julen Arriola-Bengoak irabazi zuen probaren azken etapa. Hala ere, Calum Johnstonek denbora bikainak egin zituen hiru probatan eta aurtengo Euskal Bailarak Kriteriumaren irabazlea izan da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun