Larunbatean egin zuen aurkezpena Bertizen. Baztan-Bidasoa Turismo Elkarteko Mikel Albisu, proiektuko ipuinak idatzi dituen Amaia Elizagoien ipuin-kontalaria, Nafarroako Gobernuko Turismoaren eta Komertzioaren Antolaketa eta Sustapenerako Zerbitzuko zuzendaria, Angel Perotxena eta Mikel Calvo ilustratzaileak, Alex Gurrutxaga itzultzailea eta eskualdeko udal ordezkariak izan ziren.
Zientziak frogatu du basoko ibilaldiek gure osasunean onurak dituztela. Besteak beste basoan emandako paseo batek, estresa, antsietatea, depresioa eta haserrea murrizten ditu, immunitate sistema estimulatzen du eta energia maila handitzen du.
Hori abiapuntu bezala hartuta Baztan-Bidasoako Turismo Elkarteak 13 ibilaldiko liburuxka aurkeztu du, bakoitza bere ipuinarekin. Eskualdera datozen bisitariek naturaz gozatzeaz gain eskualdean gertatutako kontakizunak aurkituko ditu liburuxkan.
Ibilbidearen track-ak ipuin bakoitzean dagoen QR kodetik deskarga daitezke, baita Baztan-Bidasoa Turismoko Wikiloc kontutik ere. ‘Oihanean sentitu’ liburuxka 2 euroko prezio sinbolikoan egonen da salgai eta salmentaren dirua gastuak finantzatzera bideratuko da. Eskualdeko OITetan eta Baztan-Bidasoa Turismoa Elkarteko kide diren alojamendu eta zerbitzuetan egonen da salgai. Hemen klik eginda ere deskargatzeko aukera duzu.