Kutxabank Txapelketa larunbat honetan bertan hasiko da, uztailaren 31n, Aritz Zubiri atariko irabazlearen eta Ansa II.aren arteko norgehiagokarekin. Aurreligaxka bat izanen da eta Ansa, Zubiri eta Aizpuru III.ak jokatuko dute. Hiru erremontistek lehen postuan gelditzea izanen dute helburu eta irabazlea finalerdietako ligaxkara pasako da. Bigarren eta hirugarren sailkatuak kanporatuta geldituko dira. Sailkapena puntuka neurtuko da berriro eta hiru partida jokatuko dituzte.Txapelketako partida guztiak ortzegun eta larunbatetan jokatuko dituzte. 17:00etan hasiko diren jaialdietan. Beraz, lehen ligaxkako bigarren partida abuztuaren 5ean jokatuko da eta hirugarrena abuztuaren 7an.
Finalerdietako ligaxkan Urriza, Barrenetxea IV.a eta Aritz Juanenea saldiastarra zain
Lehen sailkatua finalerdietako bigarren ligaxka batera igaroko da, eta bertan, txapelerako faborito nagusiak izanen ditu zain: Urriza, Barrenetxea IV.a eta Aritz Juanenea saldiastarra. Laurek denen aurka jokatuko dute sei jardunaldi edo sei partidatan.
Lehen sailkatua irailaren 11ko finalera pasako da eta bigarren eta hirugarren sailkatuak irailaren 4an jokatuko den finalaurreko batean lehiatuko dira. Ligaxka ixten duena txapelketatik kanpo geratuko da. Sailkapena puntu bidez eginen da berriro. Berdinketa gertatuz gero, tartean daudenen arteko lehia hartuko da kontuan, eta berdinketa hirukoitza izanez gero, tanteo globala baloratuko da.
Finalerdietako ligaxkako lehen partida, ohi bezala, aurreko edizioko txapeldunak irekiko du, Urrizak kasu honetan, eta aurreko ligaxkako txapeldunaren aurka neurtuko ditu indarrak. Hori abuztuaren 12an izanen da eta Barrenetxea eta Juanenea abuztuaren 14an estreinatuko dira. Bertze lau jardunaldiak abuztuaren 19an, 21ean, 26an eta 28an jokatuko dituzte.