Encounter bilkura eginen da ortzegunetik igandera eta presentziala izanen da

Ttipi-Ttapa 2021eko uztailaren 26a

Teknologia berrien zaleak elkartzen dituen Euskal Encounter topaketa modu presentzialean eginen da aurten BEC-en; hori bai, partaidetza %10era mugatuta eta COVID-19ari aurre egiteko neurri zorrotzekin. 2019an 5.100 ordenagailu egon baziren ere, 540 egonen dira aurten.

Euskaltel Fundazioak antolatzen duen Euskal Encounter topaketa ezaguna BEC-era itzuliko da aste honetan, 22tik 25era. Azpimarratzekoa da pandemia sasoian Estatu mailan aurrez aurre ospatuko den lehenengo topaketa izanen dela. Horretarako, baina, osasun neurri zorrotzak beteko dituzte; bertzeak bertze, partaidetza %10era mugatzea.

540 ordenagailu hartuko ditu 2019an 5.100 makina bildu zituen 5. pabiloiak. Euskaltel Fundazioko zuzendari eta lanpartyaren koordinatzaile Sabino San Vicenteren esanetan, neurriak betez, Encounterren «deskonfinamendu prozesuari» ekiteko aukera ikusi dute: «Helburua normaltasunera bueltatzea da, gutxika eta egoerak eskatzen dituen zuhurtasun, neurri eta murrizketa guztiekin».

Arauak arau, «ilusioz» ekinen diotela azaldu du Iruri Knörr Euskalteleko Marketin Digitaleko arduradunak. Gainera, aipatu du Euskaltelek eskainitako konektibitateak Encounter Estatuko topaketa «azkarrena» bilakatu duela. Horrez gain, azaldu du aurten «ahalegin berezia» eginen dutela ingurumenaren alde; horretarako, energia-kontsumoa murrizten eta hondakinak gaika biltzen lagunduko duten tresnak ahalbidetuko dituzte.

 

28 saio, online

Ortzegunetik larunbatera bitartean, gai espezializatuei zein interes orokorrekoei buruzko hitzaldi eta tailerrak eginen dira online, interesa duen edonorentzat. Gaiak askotarikoak izanen dira: bideo-jokoen diseinatzailearen rola eta sektore horretako ekintzailetza, kriptomoneten munduan sortzen ari diren iruzur-motak, adimen artifizialaren aplikazioak eta zibersegurtasuna hainbat arlotan... 28 saioak Euskal Encounterreko Youtubeko kanalean ikusi ahalko dira. Bertzetik, Twitch bidez Encounter TV programa eskainiko da; bertan, jardueren errepasoa eta elkarrizketak egingo dituzte, bertzeak bertze.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun