Lehen aldiz emakume pilotari profesionalen partidak jokatu dituzte Bartzelonan

Ttipi-Ttapa 2021ko uzt. 20a, 16:00

Irantzu Etxebeste beratarrak, Naroa Agirrerekin bikote eginez, 19-22 galdu zuen Salsamendi eta Orbegozoren kontra.

Emakumeen pilotak bertze urrats garrantzitsua eman zuen igandean Bartzelonan jokatutako Plazaz Plaza txapelketako jardunaldiekin. Lehen aldiz Bartzelonan emakume pilotari profesionalen partidak jokatu baitziren.

Club Natació Barcelonan, Barceloneta hondartzan bertan, jokatu ziren Plazaz Plaza txapelketako bi jardunaldi erabakigarri eta azkenean, lehiaketatik kanpo, bertze erakustaldi partida bat. Izan ere, Naroa Elizalde pilotari zubietarrak ezin izan zuen Bartzelonan jokatu eta beraien partidua atzeratu egin zuten.

Pilotariek batez ere beroari egin behar izan zioten aurre eta hondartzaren gertutasunak ere, hondarra tarteko, lurra nahiko irristakor egotea eragin zuen. Hori kontuan hartuta denek ere zailtasunak izan zituzten beraien ohiko maila erakusteko. Dena den partidu bakoitzean kalitatezko tantoak ere ikusi ziren.

Tamalez, Covid-19a dela eta edukiera 40 lagunera mugatu behar izan zuten, baina bertaratu zirenek gozatzeko moduko goiza izan zuten.

Irantzu Etxebeste beratarraren erranetan, «frontoi berezi honetan jokatu dugu, bero aunitz egin du eta nabaritu da. Lurra ere nahiko irristakor egon da eta behar baino huts gehiago egin ditugu. Berdindua joan da baina ez dugu irabaztea lortu».

Emaitzak

  • Etxebeste eta N. Agirre, 19; Salsamendi eta Orbegozo, 22
  • Arrieta eta O. Ruiz Larramendi, 11; Arrizabalaga eta Mendiburu, 22
  • A. Aldai eta Oses, 14; Aldaregia eta Ruiz Larramendi, 22

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun