Zubiri izan zen partidako onena (atzelaria izan arren tanto gehien berak egin zituen), bikotearen zama bere gain hartu zuen eta maisuki aritu zen. Loitegi bere aurrelariak bosgarren partida zuen profesionaletan, final bat gainera, eta lotua ibili zen partida osoan, jokoan sartu gabe. Halere, beti aitzinetik izan zen bikote urdina, alde politarekin, gehienetan. Halere, hogeigarren tanto aldera tanto bakarrera hurbildu zen pare bat aldiz bikote gorria, Oskar Urrutia saldiastarrak egindako lanari eta tantoei esker batez ere. Baina berdinketa eskura zutenean, Martirenak huts egin eta ez zuten inoiz berdintzerik lortu. Martirenak hasieran ongi atera zuen, baina gero ez zuen asmatu. Azkeneko hamar tantoetan erakustaldia eman zuen Zubirik, defentsan sendo beti bezala, baina baita erasoan ere. Azkenean, 30-21 irabazi zuten Loitegik eta Zubirik.
Aritz Zubiri: «Ni gustura aritu naiz, baina Loitegi ezeroso ikusten nuen eta hura laguntzen saiatu naiz»
Atzelari goizuetarra seme-alabekin kontent jaso zituen txapela eta garaikurrak. Zubirik aipatutakoaren arabera, «partidu guztian gustura aritu naiz. Gehien bat lagunak kezkatzen ninduen, partiduan zehar ez zela batere disfrutatzen ari ikusten bainuen, ezeroso ari zen eta nire buruarekin baino gehiago saiatzen nintzen bera animatzen eta ahal zena laguntzen». Loitegik berak ere onartu zuen «lotua» aritu zela finalean eta «Zubirik egindako partida handiari esker lortu dugu txapela». Zubirik zioenez, «hasieran tanto batzuetako abantaila hartu dugu, gero hurbildu egin zaizkigu pare bat tantura edo tantu bakarrera… beti aurretik joan gara baina hasiera parekatua izan da. Bigarren etenaldiaren ondotik sakearekin bizpahiru segidan asmatu dut eta hor puskatu da partidua». Galarretan izandako giroa ere azpimarratu zuen Zubirik: «Aspaldi ez genuen horrelako girorik izan frontoian, eta faltan botatzen zen. Final nagusia ere partida haundi-haundia izan da, jendea animatua zegoen, bero-bero, eta horrela jokatzea plazer handia da».