Osasun zerbitzuan legea betetzetik urruti euskarari dagokionez

Ttipi-Ttapa 2021ko uzt. 18a, 09:00

Abenduan UEMAko herritarren hizkuntza eskubideen urraketak biltzen dituen borzgarren txostena aurkeztu zuen UEMAk parlamentuan. Aitor Elexpuruk hartu zuen hitza.

Eskualdeko osasun zentroetan dauden ehun lanpostuetatik 39ri baino ez diete eskatzen euskaraz jakitea. Zenbaitetan, hizkuntza eskakizuna izan arren, ez dira herritarrekin euskaraz komunikatzeko gai eta, alderantziz, eskakizunik izan gabe badira zerbitzu elebiduna bermatzen dutenak.

UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko herrietako bortz osasun langiletik batek ez daki euskaraz. Hala ondorioztatu du UEMAk mankomunitateko 90 udalerrietako osasun zerbitzu publikoetako datuak aztertu ondotik. Tartean dira UEMAko kide diren Arantza, Areso, Baztan, Bera, Etxalar, Goizueta, Igantzi, Leitza eta Lesakako datuak.

Nafarroan, ordea, egoera «are makurragoa» da Aitor Elexpuru Berako alkatearen eta UEMAko zuzendaritzako kidearen hitzetan, «Nafarroako Gobernuaren osasun zerbitzuan eta UEMAko udalerrietako lanpostuetan hamarretik seitan ez baitute euskaraz jakitea eskatzen». Horixe da, hain zuzen, eskualdeko osasun zentroetako egoera. Nafarroako Gobernuaren 2020ko plantilla organikoa kontuan hartuz, Baztango eta Urdazubi-Zugarramurdiko, Bortzirietako, Malerreka-Bertizaranako eta Leitzaldea-Urumealdeko osasun zentroetan ehun langile daude eta horietatik 39ri baino ez diete eskatzen euskaraz jakitea. Elexpururen ustez, datu horiek «egoera zein larria den erakusten dute. Gure etxean bertan, euskaldunak diskriminatuak gara». Gaineratu duenez, «oinarrizko gabezia edo akatsa lanpostuen hizkuntza eskakizunetan dago. Lanpostu horiei eskakizun elebiduna jarri behar zaie herritarrek langile publikoekin euskaraz aritzeko duten eskubidea berariaz bermatua izan dadin. Hori zuzenduko bagenu, urte batzuen buruan egoerak hobera eginen luke, zalantzarik gabe. Egungo medikuak erretiratu ahala berriak euskaldunak balira, errelebo horrek lagunduko luke». 

«Nafarroan egoera makurragoa da»
Aitor ELEXPURU, alkatea eta UEMA

Gehiago ere bada. Zenbait kasutan, hizkuntza eskakizuna izan arren, ez dira gai herritarrekin euskaraz komunikatzeko, eta hori, «hagitz larria eta onartezina» iruditzen zaio: «Ez dugu legeak agintzen diguna bermatzen, legea urratzen ari gara». Alderantzizko kasuak ere, «zorionez», badirela dio, hau da, «hizkuntza eskakizuna izan ez arren, euskaraz aritzen direnak». Baina hori ez zaio nahikoa iruditzen: «ezin dugu euskarazko zerbitzua langileen borondatearen esku utzi. Legez bermatua izan behar da, eta lege hori betearazi beharko litzateke». 

Horren harira, Nafarroako Euskararen I. Plan Estrategikoak «arnasguneak aintzat hartzen dituela» oroitarazi du: «Legeak dio zonalde euskaldunean, hau da, udalerri euskaldunetan, euskarak gizarte bizitzan duen nagusitasuna zaindu eta sendotu behar dela. Baina eremu euskaldunetan legea ez da betetzen, eta gure hizkuntza eskubideak urratuak dira». Alde horretatik, «osasun eskubidea ez da inoiz eskubide osoa izanen hizkuntza eskubiderik gabe», azpimarratu du.

2020ko datuak.

Osakidetza eta Osasunbidea

Hizkuntzaren gaiari lotuta, Osasunbidearen eta Osakidetzaren arteko «alde nabarmena» ere hizpide izan du. UEMAren arabera, «Nafarroan udalerri euskaldunetan postuen guttiengo batean eskatzen da euskaraz jakitea, bortzetik bitan ere ez. Osakidetzan, berriz, UEMAko kide diren udalerrietan, ia lanpostu guztietan derrigorrezkoa da euskara gaitasuna egiaztatzea». 

«Legea bete ordez urratzen ari gara»
Aitor ELEXPURU, alkatea eta UEMA

2013tik bortz aldiz parlamentura

Egoerari buelta emateko eskaera aspaldikoa da. UEMAk, erraterako, 2013az geroztik, bortz aldiz jo du Nafarroako Parlamentura. Abenduan aurkeztu zuen udalerri euskaldunetako herritarren hizkuntza eskubideen urraketak biltzen dituen borzgarren txostena, pediatren, familia medikuen, erizainen, harrerako langileen eta larrialdietako langileen datuak bilduz. Aitzineko aldian bezala, parlamentuko agerraldian izan zen Elexpuru eta «orokorrean harrera ona» egin izan dietela aitortu du: «Azken bi legegintzaldiko gobernuek jarrera hobea erakutsi dute. Hitzez bederen, talde politiko gehienen babesa izan dugu. Jarrera ona eta ulerkorra erakutsi dute, baina hitzetatik ekintzetara pasatu behar da, eta alde horretatik aurrerapausoak motel doaz. Beti zailtasunez solastatzen dira, langileen eskubideez...». Gaiaren «konplexutasuna» onartu du UEMAko zuzendaritzako kideak, baina «ezinbertzekoa» iruditzen zaio «aurrerapausoak ematen segitzea». 

Plantilla organikoan aldaketak

Heldu den urtera begira, Euskarabideak egindako aurreikuspena ere mahai gainean jarri du: «Heldu den urteko plantilla organikoan lanpostuen hizkuntza eskakizunetan aldaketak izanen direla erran digute, eta ea hala den». Baina gainerakoan, «urteotan, zoritxarrez, gutti aitzindu» dela ikusten du Berako alkateak: «Azken agerralditik ona ez da aldaketa nabarmenik izan». Eta bereziki, «pediatra zerbitzuetan nabarmen gibelera» egin izana gaitzetsi du.

Pediatrak

UEMAren arabera, pediatren hirutik bat ez da euskalduna eta, eskualdean hori ere ez: Alde horretatik, kexu da «gure haurrek ez dutelako euskaraz artatuak izateko aukerarik, eta beraien hizkuntza eskubideak urratuak direlako». Gaiaren harira, pediatren «eskasia nabaria» aipatu du, «eta horrez gain, daudenak erdaldunak direnez, hagitz egoera txarrean gaudela» uste du. Bere irudiko, «oraindik okerragoa» da «nahiz eta pediatrek hizkuntza eskakizuna izan, pediatra euskaldunik ez izatea. Legea ez da betetzen».

«Osakidetza eta osasunbidearen aldea nabaria da»
Aitor ELEXPURU, alkatea eta UEMA

Larrialdietako medikuen egoera ere «hagitz larritzat» jo du, «gure hizkuntza eskubideak etengabe urratuak diren» seinale. UEMAko kide diren eskualdeko herrietan Leitzaldekoek bakarrik egiten dute euskaraz eta horregatik adierazi du «euskarari dagokionez, larrialdi egoeran gaudela».

Lanean segitzearen beharra

Hala ere, «etsipenean erori gabe», sinetsita dago «lanean segitzea» dela bidea: «Euskararen arnasgune garen aldetik gure eskakizunekin aitzinera segitu behar dugu, administrazioa garen aldetik eredu izan behar dugu, euskaraz bizitzeko egin dugun hautuarekin aitzinera segi behar dugu». Argi du: «Guk ez badugu egiten nork eginen du ba?». Bide horretan, «jendartearen presioaz» ere mintzatu da. Hizkuntza Eskubideen Behatokiak Nafarroako Gobernuari egindako 71 kexa bildu zituen 2019an eta horietatik 38 osasun arloari lotutakoak ziren. UEMAko zuzendaritzako kidearen hitzetan, «osasun arloko kexak ez dira gutti» eta nabarmendu duenez,«borroka honetan inor ez dago sobera, denen beharra dugu».

«Bidea erraza ez dela» jakitun den arren, etorkizunari «baikor» begiratzen dio: «Lanean segitu bertze erremediorik ez dugu. Ezin gara erlaxatu eta lasaitu, bertzela gibelera pausoak heldu dira, eta horiek bai agudo ematen direla».

Nafarroako Gobernuari eskaerak

Behin baino gehiagotan parlamentuko lan-saioetan adierazi izan duen bezala, UEMAk Nafarroako Gobernuari egindako eskaerak zein diren ere oroitarazi du. Alde batetik, «eremu euskaldunetako osasun etxeetan, eskakizun elebiduna ez duten lanpostuei eskakizun elebiduna jartzea» ezinbertzekoa dela azaldu du, «bertzeak bertze, pediatren, medikuen, larrialdietako medikuen, erizainen edota administrari-harreragileen lanpostuetan». Bertzetik, «behar bezalako zerbitzua emateko EB2 jakite-maila eskasa dela ikusirik, lanpostu horietan EC1 maila» eskatu du. 

«Borroka honetan denen beharra dugu»
Aitor ELEXPURU, alkatea eta UEMA

Eta horrekin batera, «hurrengo urteetarako aurreikuspen plan bat» exijitu du, «plaza elebidun gehiago izan daitezen bermatzen joateko eta plaza elebidunetan eta haien ordezkapenetan langile elebidunak egon daitezen bermatzeko». Ez hori bakarrik. «Gainerako arloetan ere pausoak ematea garrantzitsua» iruditzen zaio: «paisaia linguistikoa, informazio-orriak, mamografietarako hitzorduak, mamografiako txostenak, erradiografia zerbitzuko inkestak, hitzorduak jartzeko SMS-mezuak, baja-agiriak…».

Eskaera horiek, ordea, osasungintzaz haratago egin nahi izan ditu: «orain osasungintza euskalduntzeaz ari gara, baina administrazioan orokorrean bada zer hobetu».Eta UEMArentzat «lehentasuna jende aitzineko lanpostuek izan behar lukete, herritarrekin harreman zuzena dutenak».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun