Laxoa Txapelketako finalerdietara sailkatu diren lau taldeak zehaztuak gelditu dira

Ttipi-Ttapa 2021ko uzt. 12a, 15:00

Final-laurdenak jokatuta, Arraioz Sagardia, Oiz, Doneztebe Apeztegia eta Irurita Migelene taldeak dira Baztan-Errekako 41. Laxoa Txapelketako finalerdietara pasatu diren lau taldeak. Joaneko partidan Doneztebe The Momentek irabazi zuen, baina igandean jokatutako itzulerako partidan Doneztebe Apeztegia nagusitu zen, eta hala, azken honek lortu du finalerdietarako txartela.

Bi ordu eta laurdeneko partida jokatu zuten atzo Doneztebe The Moment eta Doneztebe Apeztegia taldeek. Partida erabakigarria izan zen. Joaneko partidan Doneztebe The Momentek 9-6 irabazi zuen, baina atzo goizean jokatutako partidan Doneztebe Apeztegia 9-4 nagusitu zen, eta hori horrela, finalerdietan izanen da, Arraioz Sagardia, Oiz eta Irurita Migelene taldeekin batera. Antolatzaileek adierazi dutenez, oraindik ez dakite hurrengo partidak noiz jokatuko dituzten eta Covid-19aren arabera erabakiko dutela gaineratu dute.

Bertzetik, gaztetxoen laxoa txapelketak ere aitzinera segitzen du. Joan den ortziralean Iruritako plazan jokatu zituzten bigarren jardunaldiko partidak eta lehenbiziko partidan, Irurita B nagusitu zen, 7-3 irabazi zion Doneztebe Bri. Bigarren lehian Doneztebeko taldea nagusitu zen: Irurita Ari 3-7 irabazi zion Doneztebe Ak.

Ortzegunean jokatuko dituzte hirugarren jardunaldiko bi partidak, 17:00etan hasita: Doneztebe C Doneztebe Bren aurka eta Irurita A Irurita Bren aurka ariko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun