Zaraitzun jokatuko dute gaur Nafarroako erremonte txapelketako kanporaketa

Ttipi-Ttapa 2021ko uzt. 9a, 08:00
Lehenbiziko jardunaldian Beran min hartu ondotik, gaur itzuliko da txapelketara Otxandorena doneztebarra (eskuinean), Azpirozekin batera.

Nafarroako hamaseigarren erremonte txapelketako zazpigarren kanporaketa jokatuko dute gaur 19:30ean hasita Ezkarotzen (Zaraitzu). Berako lehenbiziko jardunaldian min hartu zuen Eloy Otxandorena doneztebarra bueltatuko da Azpirozekin batera; Josetxo Ezkurra II.a eta Barricart eta Zeberio II.a eta Ion izanen dituzte arerio. 

Biharamunean, larunbatean 19:00etan erremonte torneko bigarren jaialdia jokatuko dute Ezkarotzeb. Bezperan lehenbiziko eta bigarren postuan gelditutako bikoteak ariko dira nor baino nor gehiago. Aitzinetik, jaialdia irekiko duen partidan, Aldabe eta Otano, Aimar Jabalera doneztebarraren eta Aimar Saldias oiztarraren kontra ariko dira.

Txapelketa osoan bezala, bi jaialdietako sarrerak (5 euro) ADANO elkarteari emanen zaizkio eta Covidaren kontrako protokoloa beteko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun