Udako tailerrak eginen dituzte Nafarroako liburutegietan uztailean eta abuztuan

Ttipi-Ttapa 2021ko uzt. 6a, 17:00

5 eta 16 urte bitarteko haur eta gazteei zuzendutako lau tailer izanen dira, 75 saiotan Nafarroako 33 liburutegitan emanen direnak.

"Bakea eta bizikidetza lantzen duten liburutegiak" programan sartzen dira tailer hauek, Kultura eta Kirol Departamentuko liburutegien zerbitzuak eta Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zerbitzuak elkarlanean sortutakoa. Leitza eta Baztango liburutegitan eginen dituzte lau tailer hauek, adin tarte desberdinetara bideratuak eta helburu zehatzekin:

  • Eskuak zabalik, hau eskubide bat da!: 5 eta 8 urte arteko haurrentzat, ordu bateko tailerra izanen da. Lehenengo ipuin narrazioa izanen dute eta ondotik jarduera artistikoak eta sormenekoak eginen dituzte. Oinarrizko eskubideak landuko dituzte ipuinen bidez. Eskualdeko liburutegietan: Leitzan uztailaren 21ean eta Baztanen abuztuaren 18an.

 

  • Eskolara bideak: 8 eta 12 urte bitarteko gazteentzat, bi edo hiru ordu eta laurdeneko tailerra izanen da, liburutegi bakoitzak aukeratzen duenaren arabera. Ikus-entzunezko edukiekin eta hausnarketa eta prozesu artistikoen bitartez, hezkuntza eskuratzeko moduei buruz jardunen dira, munduko hainbat herrialdeetako adibideak ezagutuz. Eskualdeko liburutegietan: Baztanen abuztuaren 25ean.

 

  • Eskubidea dugu…: 8 eta 12 urte arteko gazteentzat izanen da hau ere, bi ordukoa. Bertan, hainbat proba eta pisten bitartez, Giza Eskubideak ezagutuko dituzte, eta eskubide hauek defendatu dituzten mugimendu eta pertsonen adibideak ikusiko dituzte. Eskualdeko liburutegietan ez da tailer hau eginen.

 

  • Escape-room bazterketa soziala: 12 eta 16 urte bitarteko gazteentzat, bi orduko escape-room honetan bederatzi mini-joko gainditu beharko dituzte gelako irteera aurkitzeko eta bazterketa sozialari irtenbideak bilatzeko. Eskualdeko liburutegietan: Baztanen irailaren 1ean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun