9.000 pertsona baino gehiago elkartu dira EHZ festibalean

Ttipi-Ttapa 2021ko uzt. 6a, 07:00

«Zinez arrakastatsua» izan da uztailaren 2an, 3an eta 4an Irisarrin ospatutako jaialdiaren 25. edizioa.

Eguraldia lagun zutela hasi zuten ortziralean jaialdia. Pase sanitarioaren etapa pasatuta, kanpalekuan utzi zituzten puskak eta jaialdiaz disfrutatzen hasteko unea ailegatu zen.

Olatz Salvadorrek ireki zuen ekitaldia eta bertze hainbat kontzertuk segitu zuten; Rüdiger, Ekida, Juanita Banana, Herdoil, Torheit... Maïrü eta ProletR DJaren funk/jazz erritmoak eman zioten akabera lehenbiziko gaualdiari. 1.700 lagun inguru hurbildu ziren lehenengo kontzertu hauetara.

Ospitaleko kultur gunean eztabaidak eta mahai inguruak egin zituzten larunbat goizean. Plazan, bertso poteoarekin batera animazioak hasi ziren. Arratsaldean, Tio Teronen semeak dantza konpainiak ikuskizun ederra eman zuen eta rap saio ikusgarria izan zuten ondotik.

Gauean eguraldiak eutsi egin zion, euri tanta bakar batzuekin, eta 4.000 pertsona inguru bildu ziren Zea Mays, Fétiche, Anestesia, Tremenda Jauria eta Chill Mafiaren kontzertu arrakastatsuez gozatzera. EHZko antolatzaileek hitza hartu zuten lehenbizi, jaialdiaren balore sortzaileei buruz aritzeko.

Igande eguzkitsuan, hainbat familia eta haur hurbildu ziren Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizunarekin irri egitera. Zikiroa egin zuten ondotik, Euskal Herriko Laborantza Ganbarak antolatua, eta 600 bat lagun bildu ziren bazkarian, Ruper Ordorika oholtzaren gainean zegoen bitartean. Diabolo Kiwi, Kuartz, Reykjavik606 eta Lyre le temps taldeen kontzertuek eman zioten bukaera jaialdiari.

Antolatzaileak «biziki kontent» gelditu dira aurten antolatutako edizio arrakastatsuarekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun