Asteburuan jokatu dira Baztan-Errekako 41. Laxoa Txapelketako final laurdenetako itzuliko partidak. Faborito ziren taldeek joaneko partidan lortutako emaitzarekin jokatzen jakin dute, eta kanporaketa pasatzea lortu duten taldeak hauek dira: Arraioz Sagardia, Oitz eta Irurita Miguelene. Bertzalde, Doneztebe The Moment eta Doneztebe Apezteguiaren arteko partidua atzeratu beharrean izan zen eguraldi txarra dela eta. Asteazkenean 18:30ean jokatuko dute joaneko partida eta itzuliko partidaren ordutegia ondotik erabakiko da.
Arraioz Sagardiak eta Oizek galdua zuten final laurdenetako joaneko partida. Arraioztarrek 9-6 galdua zuten Doneztebe Ameztiaren kontra eta oiztarrek 9-8 Irurita Olariren kontra. Baina bi taldeak jakitun ziren beraien plazetan duten indarraz eta horixe baliatu zuten itzulerako partidan. Biek, Arraioz Sagardiak nahiz Oizek, joko bakarra egiten utzi zieten Doneztebe Ameztiari (9-1) eta Irurita Olariri (9-1) eta honela, kanporaketari buelta eman eta finalerdietan izanen dira. Final laurdenetako bertze adarrean, Irurita Miguelenek 3-9 irabazia zion joanekoan Doneztebe Titiri. Orain arte txapelketako partida guztiak irabaziak bazituen ere, asteburuan 8-9 galdu zuen Iruritako taldeak. Beraz, txapelketako lehen partida galdu arren, finalerdietan izanen da Irurita Miguelene. Finalerdietako bere arerioa Doneztebekoa izanen da. The Moment eta Apezteguia taldeek oraindik ez dute final laurdenetako partidarik jokatu. Asteazkenean 18:30ean jokatuko dute joanekoa eta gero erabakiko dute itzulerakoa noiz jokatu.