III. Larrate Trail lasterketa egin zuten igandean Zarrakaztelun. 22 kilometroko ibilbidean, Hodei Lujanbio goizuetarra eta Elizondon bizi den Maria Rebeca Mariño galiziarra nagusitu ziren. Navartrail kopako laugarren lasterketa puntuagarria zenez, sailkapen orokorrean lidergoa sendotu du korrikalari goizuetarrak, Faltzesen abuztuan jokatuko den Pilon Trail lasterketaren faltan.
Hodei Lujanbio goizuetarrak ordubete, 33 minutu eta 32 segundo behar izan zituen ibilbide gogorra osatzeko, bigarren izan zen Ibai Makazaga gipuzkoarrak baino 5 minutu guttiago (1.38.42). Arkaitz Galindez izan zen hirugarren.
Emakumeen artean nagusi izan zen Rebeca Maria Mariño eta lasterketa osatzeko bi ordu baino guttiago behar izan zuen bakarra izan zen (1.55.27). Lasterketa bukatu zuten 89 korrikalari guztien artean 21. izan zen Mariño. Laiana Arrospide tolosarra bigarren izan zen (2.02.18) eta Iruñeko Inma Sainz hirugarren (2.04.15).