Argindarraren inguruko gida argitaratu du Irache kontsumitzaileen elkarteak

Ttipi-Ttapa 2021ko uzt. 3a, 12:00

Ekainean indarrean sartu zen argindarraren tarifa sistema berria.

Argindarraren tarifa sistema berriak zalantzak sortu ditu herritarrengan. Hauek argitzeko asmoarekin, Nafarroako Irache Kontsumitzaileen Elkarteak gida bat argitaratu du gehien egiten dizkieten galderen erantzunekin:

Gaueko ordu txikitan jarri behar ditut martxan etxetresnak?

Egia da ordu horietan erabilitako energiaren prezioa baxuagoa dela, baina ezin dugu errutina eta egunerokoa aldatu euro gutxi batzuk aurreztearren. Hala ere, gomendagarria da garbigailuak edo ontzi-garbitzaileak programatzea eta ordu merkeagoetara gibelatzea (ordu garestienetatik tarteko orduetara ere aldea badago). Etxetresnek ez badute programatzeko aukerarik ematen, entxufeetan erloju programagailuak paratu daitezke, argindarra mozten dutenak aukeratutako ordura arte.

Plan bat egitea komeni da?

Erabilgarria izan daiteke etxetresna bakoitzaren erabilera orduak erakusten duen plana sortzea eta etxekoen bistan edukitzea. Horrela, tresnaren bat erabili aitzinetik, momentuan piztea edo ordu batzuk itxarotea hobe den begiratu dezakete.

Potentzia aldatu beharko dut?

Sistema berriak potentzia aldatzeko bi aukera ematen ditu, alde batetik ordu garestien eta tarteko orduentzako eta bertze aldetik ordu merkeentzako. Hortaz, kontsumoaren zati nagusia ordu merkeetara mugitu dezakeela aurreikusten badu kontsumitzaileak, ordu merkeetako potentzia igo dezake, erabilerara egokituz.

Potentzia aldatzeagatik ordaindu beharko dut?

2022ko maiatzaren 31ra arte, bi potentzia aldaketa egiten ahalko dira ordaindu gabe, kontratatutako potentzia gainditzen ez denean. Kontsumitzaileak ez badu deus egiten, tarifa sistema berria sartu aurretik zeukan potentzia bera izanen du.

Enpresek etxebizitzaren kontsumoaren potentzia-gorakaden berri eman beharko dute. Hau erabilgarria izan daiteke potentzia gehiago noiz behar den ikusteko eta, behar izanez gero, ohituraren bat aldatzeko potentzia jaitsi dadin.

Zer egin behar dut sistema berria edukitzeko?

Printzipioz, deus ez. Kontsumitzaileak erregulatutako tarifa (PVPC) badauka, sistema berria ekainaren 1ean automatikoki ezarri zen. Merkatu libreko kontratua izatekotan, operadoreak aldaketak jakinarazi beharko ditu.

Enpresaren baldintza berriak onartuko ditut?

Sistema berriarekin, hainbat enpresa eskaintza berriak egiten ari dira. Batzuetan, eskaintza berri honek beharrezkoa baino altuagoa den prezioa suposatzen du, hortaz, gomendagarria da eskaintza berririk onartu aurretik aholkularitza eskatzea eta baldintza berriak ongi ulertzea. Eskaintzak bertze kontratu eta tarifekin konparatzea ere gomendagarria da.

Zertan paratu behar dut arreta?

Kontuan hartzeko puntu garrantzitsu aunitz daude: energiaren prezioa, potentzia, eskaini dezaketen deskontuen benetako garrantzia fakturan, deskontuen iraupena, faktura garestitu dezaketen lotutako zerbitzuak, iraunkortasun klausulak (konpainia aldaketak oztopatu dezaketenak)…

Autokontsumoa aukera ona da?

Eguzki-panelak paratzea eta merkatu elektrikoarekiko dependentzia murriztea da batzuen aukera. Gastu handia ekar dezake honek, milioika eurokoa, eta irabazia epe luzera sortuko du. Hortaz, aholkua eskatzea garrantzitsua da, informazioa biltzea eta aurrekontuak eskatzea, balorazioa egin ahal izateko.

Energia gorde dezaket?

Gobernuak dirulaguntzak iragarri ditu metagailuak paratzeko, energia kopuru ttiki bat gorde ahal izateko. Sistema berriarekin, metagailuak ordu merkeenetan kargatu daitezke ordu garestienetan erabili ahal izateko.

Prezioa bakarra da ordu-tarte bakoitzean?

Ez. Energia ekoizpenaren merkatuak eta zergek ere eragina dute prezioan. Gobernuak ekoizpen elektrikoaren gaineko BEZaren eta bertze zergen jaitsiera iragarri du, eta horrek fakturan duen eragina kontuan hartu beharko dugu.

Zer gehiago egin dezaket fakturaren prezioa jaisteko?

Tarifa sistema berriaz gain, badira kontsumitzaileek segitu dezaketen hainbat jarraibide argindarraren fakturan aurrezteko:

  • Etxetresnak itzaltzea, standby moduan utzi beharrean. Gastu totalaren % 6a izan daiteke.
  • Erosterakoan, kontuan hartu efizientzia handiko etxetresnak. % 50 gutxiago kontsumitu dezakete.
  • Garbigailu, lehorgailu eta ontzi-garbitzaileen programa ekonomikoa erabiltzean energia aunitz aurrezten da.
  • Etxea argiztatzeko argi naturalari lehentasuna eman. Gainera, kontsumo ttikiko bonbillek bonbilla normal batek baino zortzi aldiz gehiago irauten dute.
  • Mikrouhin-labeak labe arruntak baino % 60-70 gutxiago kontsumitzen du. Sukaldeko eta labeko hondar-beroa ere aprobetxatu behar da.
  • Isolamendu termiko zuzenak eta etxearen aireztapen egokiak berogailu eta aire girotuaren % 30eko aurrezpena sortu dezake.
  • Beroketa-sistemaren gradu igotze bakoitzak % 6-8 arteko gastu igoera dakar.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun