Cedernak bi proiektu berri abiatu ditu: bat belaunaldien arteko erreleboa indartzeko eta bestea lehen sektoreari balioa emateko

Ttipi-Ttapa 2021ko uzt. 2a, 18:00

'Hartu Lekukoa' eta 'Lehen sektorearen balorizazioa' dira urteko batzarrean Nafarroako Mendialdean aurkeztutako bi proiektuak.

Hartu Lekukoa da Cederna Garalurrek aurkeztutako lehenengo proiektua. Helburua Mendialdeko negozio txikien erreleboa erraztea da, kudeaketa beren gain hartu nahi duten ekintzaileen arteko harremana errazten. Hiru negozioren errelebo-zikloa osatuko du elkarteak, arduradun berriei zergen eta marketinaren inguruko aholkularitza emanez. Gainera, jardunaldi bat eginen dute, ekintzaileek errelebo-negozioak hobe ezagutu ditzaten.

Hurrengo hilabeteetan Cederna Garalur mota horretako negozioen aukeraketan hasiko da, beraz, proiektuan parte hartu nahi duten enpresak Raquel Aldaz elkarteko enpresa-teknikariarekin harremanetan jar daitezke 607 67 87 45 telefono zenbakira deituz edo raldaz@cederna.es helbidera idatzita.

Lehen sektorearen balorazioa nekazaritzako elikagaien ekoizpen eta eraldaketan dihardutenen lanaren balioa azpimarratzeko proiektua da. Pandemiak agerian utzi du sektorearen garrantzia, baina belaunaldien arteko erreleboa gero eta zailagoa da. Horregatik, ahalduntze-jardunaldiak antolatuko dituzte, eskualdeko nekazari eta abeltzainei bideratuak, haien produktu eta lanari balioa emateko. Solasaldietarako xehetasunak eta izena-ematea aurrerago zehaztuko dituzte.

Komunikazio-kanpaina bat abiatuko dute tokiko saltoki eta jatetxeekin, hurbileko produktuak sustatzeko helburuarekin. Nekazari eta abeltzainen instalazio berriak abian paratzeko gida bat ere prestatuko dute, eta negozioen kudeaketarako adibideak emanen dituzte.

Proiektu bakoitzak 70.000 euro inguruko aurrekontua izanen du eta 2022ko erdialdera arte landuko dituzte. Nafarroako Gobernuak finantzatzen ditu proiektuak Landa Garapenerako Programaren bidez.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun