Udalekuak hasiko dira astelehenean eskualdeko hainbat herritan

Ttipi-Ttapa 2021ko uzt. 1a, 16:00

Bortzirietan, Donezteben, Zubietan, Goizuetan eta Urdazubin uztailaren 5ean hasiko dituzte udalekuak.

Udako oporrak hasi dituzte herrietako haurrek eta aunitzentzat udalekuetan gozatzeko garaia hasi da. Beran 68 haurrek eman dute izena aurten Bortzirietako Euskara Mankomunitateak antolatutako udalekuetan. Astelehenean hasiko dituzte eta hilaren 30era arte, 3-6 urtekoak Ricardo Baroja eskolan bilduko dira eta 7-12 urtekoak Labiaga Ikastolan, 10:00etatik 13:00etara.

Arantzan 42 haur eta gaztetxok disfrutatuko dute udalekuetaz. Hala ere, izen-emateak asteka egiten direnez, kopurua aldatu eginen da astetik astera. Begirale arduraduna Maiana Sein izanen da, Andoni Mazizior eta Uxue Alustiza aranztarrekin eta Izaskun Galardiren laguntzarekin. Uztailaren 5etik 30era 10:00etatik 13:00etara eskolan elkartuko dira egunero.

Ludoteka eginen dute Donezteben astelehenetik aurrera, Dindaia fundazioak kudeatua. 3-10 urte bitarteko umeentzat bideratutako zerbitzua izanen da, 09:00etatik 14:00etara. 10 laguneko 2 talde eginen dituzte gehienez segurtasun neurriak errespetatu ahal izateko. Ludoteka zerbitzua ez ezik, liburutegiak ere goizez irekiko du, 09:00etatik 13:00etara.

Zubietan ere ludoteka zerbitzua hasiko dute uztailean Lorea Maya eta Malen Etxekoloneak. Haur eta gaztetxoei bideratutako jarduerak eginen dituzte hilabete osoan; eskulanak, natura eta elkarlana lantzea... Astelehenentik ostiralera 09:30etik 13:00etara bilduko dira eskola zegoen lekuan. Segurtasun neurriak bermatuko dituzte ludotekan; maskara jantzita izanen dute, komunaren desinfekzioa zainduko dute, leihoak irekita mantendu, materiala garbitu...

Goizuetan 21 neska-mutiko izanen dira udalekuetan uztailaren 5etik 29ra, Guraso elkartearen eskutik. Astelehenetik ostegunera, 10:00etatik 13:00etara, ongi pasatzeko aukera ederra izanen dute haurrek Janire Bakero eta Antton Apezetxea begiraleen zaintzapean.

Urdazubin uztailaren 5etik 30era eginen dituzte 3-7 urteko haurrak elkartzeko, ikasteko eta gozatzeko udalekuak. Hiru orduz elkartuko dira goizez, 10:00etatik 13:00etara, herriko Kultur etxean, udalak eta Landa haurtzaindegiak antolatuak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun