Bihar hasiko da EHZ festibala Irisarrin

Ttipi-Ttapa 2021ko uzt. 1a, 09:00

Rap, Rock, Metal, Reggae eta Cumbia doinuak izanen dira nagusi hiru egunez Irisarriko plazan. Kontzertuekin batera, zirku, dantza eta bertzelako ikuskizunek osatuko dute jaialdiaren egitarau zabala.

EHZ festibalaren 25. edizioa ospatuko dute aurten, uztailaren 2, 3 eta 4an Irisarrin. Hainbat artista euskaldun izanen dira oholtzaren gainean asteburuan, familia guztiarentzako kontzertu, ikuskizun eta tailerrekin.

Zea Mays, Ruper Ordorika, Chill Mafia, Tremenda Jauria, ProleteR, Rüdiger, Nøgen, Olatz Salvador, Andoni Ollokiegi, DJ Reimy, Rukula, Herdoil, Ro, Frigo eta Entrexatak dira, bertzeak bertze, jaialdian joko duten taldeak.

Hauez gain, Pirritx, Porrotx eta Marimotsek 'Amaren 'intxaurrak' sorkuntza berria aurkeztuko dute igandean eta Tio Teronen Semeak dantza taldeak FreshCool ikuskizuna emanen du larunbatean. Bertso-poteoak, txarangak, dantzak, margoak, erakusketak eta antzerkiak ere izanen dira hiru egunetan.

Hausnartzeko eta eztabaidatzeko espazioa ere sortuko dute Ospitalea eraikinean. Etxebizitzaren problematika, krisi ekologikoa, artearen funtzioa, kapitalismoa krisian, EHZren 25 urteko ibilaldia eta Euskal Herriko askapen mugimendua izanen dituzte hizpide solasaldi, eztabaida eta mahai inguruetan, iritziak trukatzeko eta gai horietan sakontzeko. Gainera, larunbatean eraso sexisten kontrako protokoloa aurkeztuko du EHZko brigada ubelak.

Informazio praktikoa

Festibalariek kanpalekuan lo egiteko aukera izanen dute eta dutxa eta komunak izanen dituzte bertan. Aparkalekua ere prestatu dute ehunka autorentzako, dena dohainik eta segurtasun distantziak errespetatuz. Lekuan berean festibaleko sarrerak salduko dituzte; 55 euro hiru egunak, 22 euro ostiral eta larunbatekoa eta 17 euro igandekoa.

Osasun Pasea eskatuko dute jaialdiaren sarreran, hau da, hauetakoren bat;

  • PCR edo antigeno test negatibo bat (48 ordu lehenagokoa gehienez)
  • Txertoa osorik hartu denaren ziurtagiria
  • Azken 6 hilabeteetan Covid-19a pasa izanaren ziurtagiria

11 urtetik beheitikoek ez dute paserik behar eta sarrera doan izanen dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun